Euskal atzerritarron errepublika (berria, 2013-09-08)

By • Sep 8th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

EDUARDO APODAKA

SOZIOLOGOA ETA EHUKO IRAKASLEA

Zuetako askok irakurriko zenuten P. Aristik uda hasieran hementxe argitaratu zuen artikulua,Euskal Herria, 2023, kristalezko bolan, eta jakingo duzue erreakzio soka luzea izan zuela. Ez dut soka luzatu nahi, baina, espa1aitortu behar dut, erreakzio haietan botatako ideiak eta testu haren esaldi pare bat ataskatuta geratu zaizkit, katigaturik udako gogoeta alferretan. Nabariena, honako hau: «…Euskal Herria atzerritarrez bete izan dela, XVI. mendetik Nafarroa Garaian, eta XIX. mendetik aurrera baskongadetan. 500 urteko kolonizazioa….». Kontsolagarria da khirixtiak eta türkak zorrotz bereiztea, talde homogeneo eta estereotipatu egin eta Historian atzera proiektatuz gero, onekin identifikatzea. Betiere, narrazio sotiletan, sekuentzia lineal eta monokausalen bidez, gure gaurko ezinegonari sosegua emateko (nola menderatu gaituzte baldar kaikutzar horiek gu euskaldun adoretsuok?). Psikologia Sozialaren ikerketei esker, halako pentsaera arruntaren mekanismoak oso ezagunak dira; tamalez, ez da oso berezia gure kultura politikoaren terrenoa. Mendebalde osoko kinketan mugitzen gara; beti bezala. Labur esan, lau ardatz erabili ahal dira terreno horren joko-areak zehazteko: berez-asmozjasoa-egitekoakanpokoa-bertakoapublikoa-pribatua. Aurreko biek izatearen arloa zertzen dute, atzekoek jardutearena, denek batera ontologia politikoa. Ezin ditut, noski, joko horien tentsioak azaldu hemen, komentario pare bat egitearekin konformatu behar.

Aurrenari dagokionez, bistan da Herria, Nazioa edota Klasea zer den pentsatzeko bi modu klasikoek, berezkotasunak eta intentziozko eraikuntzak, osasun ederra dutela. Zentzurik du bata bestea barik pentsatzeak? Berez al dira herriak? Genetan dator herritartasuna eta haren gaineko kontzientzia? Sozializazio kultural eta linguistiko orobateko eta itxiaz? Edo asmo kontziente proiektatuetan? Euskal Herria historiara behin betiko eraz eginda agertu zen? Noiz eta nola erregistratu zen Euskal Herria Herrien Erregistro Ontologikoan? Ez al da izango «euskal herria», belaunaldiz belaunaldi, oso jende diferenteari jarri zaion izen soil bat. Eta hala bada, espa3nork zein eskumenez eta zein xedez erregistratu ditu jende horiek? Jendeak berak jarri zion bere buruari izena? Noiz zioen «euskalduna naiz» edo «euskal herrikoa», eta batez ere, zertarako?

Komunitate linguistikoa eta politikoa ez dira kontzientzia bakar batera biltzen halabeharrez, aitzitik, asmoz eta ideologiaz landu behar da aliantza hori. Gure kasuan, XIX.ean ezagutu zuten elkar kontzientzia etnikoak, linguistikoak eta politikoak; nazio moldera ezkondu behar zutela aldarrikatu zuten promotoreek. Euskal Herri modernoa, politikoa eta kontzientea, estatalizazio etnoziden kontrako erreakzio hutsak gainditzeko eratu zen paradigma berriari esker jaio zen. Asmoz egitekoa zen. Ez zen espainiar edota frantziar jendeen kontra altxatu, hala kontatu badigute ere, estatalizazioaren kontra baizik (espainiar edo frantziar izatearen aurka). Estatalizazioa, bidenabar esan, kolonizazioa izan zen, mundu osoan bezala. Jendeak eta kontzientziak kolonizatu zituzten estatuek. Euskaldunak ere kasu askotan harro eta oparo estatalizatu ziren: interes komun franko izan dute beti estatalizazio-agente jardun duten estamentu, talde eta klaseek.

Ezarian, eremu publikoaren unibertsalean erdal estatuen izatea agertu eta nagusitu ahala, euskaltasun oro partikular eta pribatu bihurtu zen. Onartzen zirenetan ere, euskara eta euskal identitatea hautazko kontu partikularrera izatera behartu zituzten. Erruz aldatu da euskaltasunaren pertzepzioa iragan mende erdian, baina adin horren bueltan gabiltzanok pribatizazio egoera gordinean ezagutu genuen: eremu pribatuan, eskubidez eta eskumenez pribaturik. Euskaltasunaren borroka pribatutik mundura jalgitzea izan da, hau da, publiko eta orokor bihurtzea, horretan dirau. Baina, aldi berean, askok bai euskara, bai euskaltasuna, kanpoan topatu genituen: kalean, auzoan, plazan… Eta han eduki zezaketen aukera bakarrean: borrokan. Erreibindikatzen genuen gure baitan ez zena, erdaldun hutsak ginelako, zipitzik ere ez genekielako euskal historiaz edota «gure mitoak» liburuetan eta ez ahoz ahoko jarioan ikasi genituelako. Gurea ez zen gurea, eta hargatik ere, gureagoa zen. Gu atzerrian bizi ginen, Bidasoa arteko Espainian. Baina nor ez zen bizi deserrian garai hartan? espa2Eta gaur egun ere, ez al da hura bera euskaldun eta abertzale askoren bizipena? Atzerri horretatik etorrita Euskal Herria gauzatzeari ekin genion, batzuetan nork bere baitan, bestetan denon eremu publikoan; denon euskal eremu publiko burujabea zerumugan zela.

Ez dut uste «kontzientzia eta jatorri kideen komunitate itxira» itzultzeko deia eginaz helburu hori lortuko dugunik, hori bai, agian komunitate sektario ederra eratuko da, amishen antzera bizi gintezke azken finean, edo euskal sharia ezarri. Zertarako saiatu ororen intersekzio komunak sortzen onen komunitate ustez monolitikoa dugunean? Zertarako errepublika gatazkatsua, komunitate partikular harmoniatsua dugula uste dugunean? Nire iritziz, Euskal Herri politiko independentea proposamen bat da: bidaia horretan gabiltzanok beste guztiei egindako gonbit bat, ororen botere publiko bat Euskal Herri prepolitikoen orpotik eraikitzeko gonbitea. Jakina, ez dute baietz esango besterik gabe, ez da erraza izango kontrakoak horretara limurtzera. Hartara, zapalduen aliantza eta ekimenen bidez herri politikoa eraiki behar dugu, zerbaiten berdinak eta zerbaiten bestelakoak direnen aliantzek osatutako herri politikoa. Zelan bestela? Akaso ezabatuko ditugu besteen, gure, diferentziak? Zein eta nola?

berria

3 Responses »

  1. Kaixo Eduardo:

    Kostatu egin zait lehenengoan dena ulertzea; eta behin ulertuta, ados nago zurekin. Neu ere asaldatuta geratu nintzen, oso, Pako Aristiren artikulua irakurrita. Are gehiago kontuan izanik emaztea “kanpotarra” dudala.
    Hala ere, eskertuko nizuke Pako bezain argia izatea zure gogoetetan. Pakok ezer badauka onetik horixe da: esaten duena argi eta garbi esaten duela, esaten duen askorekin ados egon ez arren.

  2. Interesgarria artikulua. Zalantza bat norbaitek argitu ahal badit:
    Amaieran “zapalduen aliantza eta ekimenen bidez herri politikoa eraiki behar dugu” esaten duenean, “zapalduak” zeintzu dira? Bidaia horretan gabiltzan independentistak?

  3. Han-hemenka agertu diren galderei erantzun nahian:
    Testuaren tesi nagusia:
    euskal jatorria= euskal kontzientzia (independentismoa, esaterako)
    ekuazioa irreala da.
    Ez da oso-osorik, edo kasu guztietan betetzen, ez da berezkoa, ez da genetikoa. Oker larria da egia denik pentsatzea. Eta arazo “tekniko” larriak dakartza ekuazioa burutu nahi izateak. Zer da euskal jatorria? Fisikoa al da (ADN mota jakin bat)? Edo linguistikoa al da eta, ondorioz, independentismoaren xede-taldea euskaldunak al dira? Euskaldun praktikante aktiboak edo, publiko handiago bat bilatzearren, agian euskaldun arbasoak izan zituztenak ere?
    Nire ustez, hobe beste ekuazio hau gauzatzea:
    Euskal Herriko jendea= independentistak
    Zaila? Bai, oso. Baina aurrekoa baino zentzudunagoa.
    Nik ez dakit zein den estatu bat sortzeko bide egokiena. Baina estatu hori nahi duen herria sortu barik ez dut ikusten egitasmoa oso bideragarria izan daitekeenik. Sortu al dugu, honezkero, herri subjektu hori? “Garenok” ba al gara hori gauzatzeko gai, nahiko? Ba al du zentzurik Euskal Herriko jende gehienari “eurena izango ez den estatu bat eraikiko dugula” esateak?
    Bestalde, oso inozo jokatzen dugu Euskal Herriaren historia ukatzen badugu eta “populazio hermetiko, estanko, monolitiko bat”, bakana eta bakuna, proiektatzen badugu lehenaldira. Euskal Herria, munduko beste etnokultura bezala, sortu egin zen eta handik gero etengabeko sortze-prozesuan bizi izan da. Etnogenesia prozesu konstantea baita. Eta gaur egun ere, halako batean dihardugu. Hori bai, aldatu dira erruz herriak sortzeko eta definitzeko baldintzak eta moduak. Atzo eta gaur prozesu konplexu eta zabala izan da beti. Azken mendean, lurralde eta kultura (hizkuntza barne) bat izan daitezen saiatu da “euskalgintza orokorra”. Zergatik?
    Nik honela ikusten dut: autodefinizio batetik abiatzen da euskal herria: euskaraz egiten zuen jendea. Jende hura non, han euskal herria. Jendeak izena eman zion herrialdeari, baina herrialde hura, linguistikoa izanik, oso aldakorra izan da. Lurralde juridiko-politikoak finkatzen eta instituzionalizatzen hasi zirenean, Erdi Aroan edo, hainbat herrialderekin identifikatu zen “euskal jendea”, “euskal herria”, eta funtsean herrialde horien batura dugu gaurko Euskal Herria. Kanpoan geratu ziren euskal jendeak zituzten hainbat eskualde (Oia, Eskiula, Anso…) eta barruan sekulan euskara entzun ote zuten ez dakigun hainbat toki (Gaubea, Tutera, Karrantza…).
    Herrialde horiek eman diote gorputza, hezur, mami eta azala, gaurko Euskal Herri politiko-ideologikoari eta euskarak eta euskal kulturgintzak gogoa. Baina, esan bezala, proiektu bat da Euskal Herri hori; neurri apal batean baino ez da “erreala”.
    Historian zehar bizi izan diren euskal herriak, etnokultura horretako jendeak ez dira izan, eta gauzatu nahi dugun Euskal Herria ez da, “bere horretan iraun duen herri hondar erresistente eta monolitiko bat”, ez da harpeko harrizko herria. Askotarikoa, plastikoa eta moldakorra izan da: “bere burua behin eta berriro inbentatzen, egokitzen eta proiektatzen bizi izan den herri jario bat”. Etengabe kuzkurtzen eta kikiltzen ibili beharrean, maiz harrotu eta hedatu, altxatu eta oldartu den jendea, kultura, hizkuntza…
    Ikusten denez, Euskal Herria irudikatzeko ditugun tresnak eta moduak aldatu beharko genituzkeela ari naiz esaten. XIXan sortu zen Euskal Herri nazionala proiektuaren ondorengoa sortzeko, adibidez. XXIan Euskal Herriko jende(guzti)aren estatua sortzeko, eta euskal komunitatea, euskaraz mintzo eta bizi nahi duen hura, estatuen kontra bizi beharrean behingoan estatu baten laguntzaz bizi dadin.
    Euskara dela eta, batek “un futuro para nuestro pasado” eskatu zuen behin. Nik ez dakit seguru “pasado” horretarako “pasado” bat dugun (historia nahi genukeen moduan izan zen ala ez…), baina nahiago nuke, dena den, “un futuro para nuestro futuro”.

Leave a Reply