Gizartearen kontra (Berria – 2013/07/14)

By • Jul 15th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

EDUARDO APODAKA

SOZIOLOGOA ETA EHUKO IRAKASLEA

society1Aspaldiko partez, euskalgintzaren hainbat forotan, entzun izan dut eredugarriak zaizkigula euskaltzaleoi ekologismoa eta feminismoa. Mugimendu haiek lortu omen duten aktibazioa lortu beharko genukeela, haiek kontzientzia eta sentsibilitateak astindu eta iraultzen asmatu dutelako edo… Ez dut horren argi ikusten. Asko egin dute, bai, baina mugimendu horiek, beste asko bezala, jendartea aldatzeko jaio ziren. Balantzea eginda, berriz, badirudi arrakasta lortu dutela azalean, kortesian nonbait: publikoentzat onargarri izan nahi duenak badaki genero eta ingurumena ere zaindu behar dituela, eginetan ez bada ere, esanetan. Jende aurrean zuzen eta bidez agertzeko manera onak aldatu omen dira, ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Jendearen portaera, eta gizarte deritzon abstrakzio hura aldatu beharra zegoen. Eta zoritxarrez, izateko erak kateatuta dituzte inertzia sozialek; egitura eta logika sozialek hor diraute gogor eta sendo, betiko botereak bermatzen, eta betikoei boterea aitor diezaiegun gure izaerari eragiten. Egun inertzia sozialetan indartsuena, gure baitan ondo errotuta, norberaren erosotasuna da. Bestela esanda: aldaketak norberaren lana eskatzen badu, nork bere burua aldatu behar duelako edo nork bere ohituraren bat aldatu behar duelako, aldaketak izugarrizko kanpo motibagarriak beharko ditu, aldaketarik izango bada. Motiba nazatela!, diogu, eginbeharraz erabat konbentzituta gaudela sinetsi arren.

society2Berez omen doazen inertzia eta joera horiei guztiei «gizarte» deritzet. Oso gara gizartekoak. Neu ere bai, bistan da. Oso konformaerrazak inertziek gure alde jotzen dutenean, oso erosoak ohiturak gure direnean, oso naturalak joera nagusiek jauntzen gaituztenean… Gizarte-haizeek gure alde jotzen dutenean, sano gustura garamatzate. Kontra ditugunetan, berriz, gizartearen makurra ikusten dugu, orduan sistema eta halako berbatzarrak ahoratzen ditugu, zertarako eta gu ez omen garen indar behartzaile eta zapaltzaile horiek izendatzeko… Jakina, ez gara pieza bakarrekoak, gure ibilbide eta leku sozialak intersekzioz beterik daude. Horri esker hartu ahal dugu bestearekin, gu garen indarren mende bizi denarekin, gu garen eraginen kolpeak jasaten dituenarekin… Edo ez, gizarteko izan gaitezke gure on eta bikain, gure zibiko eta duin ukiezinean. Orduan, kontzientziaren soak labur eta kolkoaren interesak luze izaten dira.

society3Ordenaren politikak asko erabili du gizartea, ezin hobeto, hiritar pasiboak sortzeko. Gizarte-bizitoki ona suertatu zaionari hura zenbat merezi izan duen esan diote behin eta berriro. Gizartean irabazitako lekua maite behar dugu eta horrenbestez, gizartea dagoen-dagoenean maite. Aldaketa oro norberaren lehia partikularrean nahi dugu: joko-arauak ez ukitu, sistemak onak babesten ditu. Eta jakina, sistema konplexu hori profesionalek administratu behar dute. Gizartekide zintzook, ezezagunari inokulatu diguten beldurraz aparte, ez dugu gure gain ardura eta erantzukizunik. Horiek denak erazko politikari profesionalen esku utzi ditugu, delegazioz, lagapenez… Botereek hala eraginda, auzi publikoetan gure alde diren inertziak baino ez ditugu defendatzen, nagiak jota bada ere. Kontu pribatuetan bizi nahi dugu, idiota bizi, batzuetan txutxu-mutxuetan lorrintzen, besteetan interes propioetan lehiatzen. Horregatik, politikan zerbitzariak nahi ditugu, ez liderrak. Ez datozela, mesedez, lidergo hura denona dela esaka, denok gure parte egin behar dugula erreguka; gidaria nahi izanez gero paidagogeo bat izan dadila, haur-gidaria alegia. Gizartea maite dugu; horren gozo eta alazo da besteari errua egoztea, norberaren mesede merkean horren libragarri. Gizartea maite ahala, hala ere, gure mendekotasuna maite dugu.

society4Gizarte kontzeptua jaio zenetik dispositibo bat izan da estatu-mendeko populazioak homogeneizatzeko eta lehengo antolakuntza komunitarioak garanduz jendeak lokatu eta sakabanatzeko. Horrela egituratu ziren nazio-merkatuak. Harrezkero, estatu modernoek zeinek bere neurriko gizartea sortu dute, nazioaren bertsio apolitikoa, estatu-instituzioen biki osagarria, bestalde pribatua… Baina hasieratik ere, komunitaristek eta sozialistek bat egin zuten kontzeptuaren eguteran, han non dioen jendeok socius izan gaitezkeela mutualitate orokor batean, eta gainera hautuz eta libre izan. Elkarkidetza orokor horren kontran, liberalek, 80ko urteetan, gizarte kontzeptua euren interesetarako higatuegi zegoelakoan ehortzi nahi izan zuten. Hurbilago, berriz, EAEko parlamentuan entzun genuen Euskal Herririk ez zela, askoz jota «euskal gizartea» genuela. Eta bigarren adiera hari eutsi diote neoliberalek. Funtsean, gizartea, merkatuaren bestalde ona bihurturik, interes partikularren lehia gupidagabearen interfaze adeitsua izan dadin.

society5Gizarte kontzeptu zaharrarekin batera, onura franko lortu dute jende xumeek ere; norberak kidetzak hautatzeko askatasuna esaterako, hori lortu den neurrian jakina. Hala ere, hautamen horren eta elkartasunaren alde, gaur egun lehengo hitz zahar bat berreskuratu behar dugu, gizartezaleek horren gutxi maite duten hitza: herria. Aspaldi lerratu zen berba hori jendeak bizitako espaziotik jende xume arrunta markatzera, eta handik sortu zen, batik bat jende hark burua gora hierarkiak iraultzen zituenetatik, hitzaren erabilera politikoa. Herria, populua, matxinaturik sartu zen historian. Izan ere, herria ez da substantibo bat, ekinbide bat da, izaera bat. Herri dihardu, herri izaten da, egiturazko inertziak eta botereko eragin zanpagarriak iraultzen saiatzen den oro. Herri jardutea, gizartearen kontra jardutea da, azken finean. Ezin nekosoagoa, ostera: nor ez da nekatuko bere burua birziklatzen, bidegabekeriei aurre egiten, hizkuntza-ohiturak aldatzen, matxista izateari uzten, xenofobia bere baitatik uxatzen, homofobiko ez jokatzen… Hobe besteek egin dezatela, besteek jasan dezatela nire zaborra, eta jasan nazatela naizen bezain perfektua.

 berria

esteka

esteka

One Response »

  1. Gustuz irentsi dut testu goxoa, eskerrik asko!

    Ai gizartea, komunitate imaginatu hori, gure neurrira irudikatzen duguna, gure idealak bezain ideal eta bertako gehingoa nire berdina. Aldiz, zeinen nekosoa egunerokoaren elkarrizketa, argudiatzea, etiketak kendu eta lokatzetan busti beharra etengabe parean suertatzen zaizkidan desberdinekin.

    Geografia aitzaki du herriak eta geografia helburu gizarteak, eta etorkizunean, geografiak baldintzatzen ez gaituenean… ez bata eta ez beste? Internet gaineko aliritzizko talde banatu bat herrigintza birtual bat garatzeko edo berdinen ilusioa sortzen duen phyletan oinarritutako zibergizartea? Edota ni neu bakarrik?

    P.D.: Zeinen ederra “herrigintza” hitza zure herriaren definizioaren ostean, eta zeinen merke erabiltzen dugun edozein “gizartegintza” izendatzeko.

Leave a Reply