Suak erreko ez balu (hAUSnART 3. aleko artikulua)

By • Jul 5th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

hAUSnART 3. zenbakiko  OROITUZ ataleko “Suak erreko ez balu” idatziaren bertsio luzea. Luzeragatik aldizkarian laburtuta argitaratu behar izan genuen idatzia hemen bere osotasunean.

Suak erreko ez balu

Alaitz Aizpuru Joaristi

 

Hau ez da poesia.

Ez zaidazue arren

poesia denik esan.

Euria da arbola hiletan

eta orbel tristeak parkean

eta herriaren negarra

jendearen arduragabezia

eta esperantzaren arratsaldea.

 

Ez zaidazue hau

poesia denik esan.

Ibai lizunaren zubipetik doaneko

intziri hotsa da

—ez dut nik asmatu—

eta eskuotatik daridan

tristuraren iturri zimela.

“Hau ez da poesía” 1963  J. Azurmendi

1951koa da Eusebio Erkiaga-ren “Jean Paul Sartre’ren ardi galduak” [1] poema. Bertan, garaian ohikoa zen moduan, eta izenburuak argi uzten duen bezala, euskal gazteriaren galbiderako joera  da mintzagai. Beren begiak eta bihotzak zerurantz bideratu beharrean zerriak bezala lurreko lokatzez zikintzen ari diren horien burutik egina: “Ai gizaiso aundiok, argi-gabetuok, ilunez eta ustelez ez al duzue egin ok?”

Erkiagaren idatzia ez da baina salbuespen urte haietako Euskal Herrian, Orixek ere baditu antzeko pasarte ezagunak.[2] Helduagoen gizarte, tradiziozale, zuzen eta ordenatuan, euskal tradizio jatorretik desbideratzen ari zen gazteriak buruhausteak baino ez zekartzan!

50. hamarkadaren bukaeretan hasi eta 60.hamarkadan zehar autore existentzialistek arrakasta handia izan zuten euskal gazterian orohar eta hain gazte ez ziren batzuen artean. Gerraondoko Euskal Herrian existentzialismoa poesian, saioan, teatroan, kulturan…nonahi aurki zitekeen.  Eta belaunaldi gazteari arnasbide bat, mintzaira berri bat, unibertso berri bat eskeini zieten ideia haiek.

“Iragana borratua, etorkizuna paper zuri bat oraindik, belaunaldi honek ahalegin handia egin beharko du egiazko historia-ezkutatua, ukatua,, bere herriaren historia bizia, h.d., hizkuntza, literatura, zuzenbidea eta tradizio politikoak, kultura guztia, deskubritzeko eta ikasteko; eta ahalegin handia, une berean, hori trasmiti ziezagukeen kultura (esanahi txarrenean) “tradizionalista” gainditzen. […] iraganik gabekoak jaio ginen![…] Gazteok beste era batera ikusten zuten iraganaren arazoa; gure iragana, Europan guztien iragana bera zela, sumatzen zuten: Voltaire eta Marx, Unamuno, Kierkegaard… Kultura zahar horri ihesi, existentzialismoak –espainian debekatua egotean erakusten zuen erakarmenaz gain mintzaira bat eskaintzen zuen, paradigma bat, unibertso bat, globalki aurreko guztiarekin hausteko (erlijioarekin, politikarekin) eta salto batetik mundu berri batean paratzeko […].

Zer da existentzialismoa? Hasteko, moda burrunbatsu bat izan zen bere tenorean, kulturako eta gizarteko alor guztiak inbaditu zituena (janzkera eta orrazkera, zinema, nobela, teatroa…): Kafka, Rosellini, Ingmar Berman, Heidegger, Unamuno, Camus… Belaunaldi hau petsamendu eta sentimendu giro horretan hazi da, bera ohartuki ala oharkabe. (Azurmendi, 1998: 128-129)

Ordenuaren zaintzaileentzat berrriz, euskaldun zintzoentzat, europatik zetozen haize zikin haiek ziren urte haietako perbertsio, fedegaltze eta burugaltzeen erantzule zuzenak. Europa gaiztotik izurria bezala zetorren uholde gaizto bat, arbasoen fedea eta erlijioan beti txukun txukun bizi izandako Euskal Herria nahastera zetorren “txerrikeria” bat. Irrazionalkeria, nahaskeria, kaosa, ordena tradizionalaren txikizioa, moralaren emagaltzea. Moda narras zikin bat. (Azurmendi, 2000: 130, Azurmendi, 1998: 128-129)

Mende hasieretako eta bi mundu gerren arteko krisi sakonean europar kulturak, Europak berak tope bat jo zuen. Ordurainoko ziurtasunez, egiz eta harrotasunezko europar kultura behin betiko akabatu zen bere kulturaren enbor nagusiak; tradizio klasikoa eta biblikoa kraskatu zirenean. Harrezkero, berriro hasi beharrean aurkitu zen. Eta sentipen hori da, giro hori da gure 50. bukaera, 60 eta 70. hamarkadetan ageri zaigun euskal poesiaren ingurumaria.

Giro berri hau ez zen utopia eta etorkizuneko mundu zoragarri baten ametsak sustatua izango. Desilusioaren, tristeziaren, ezkortasunaren, krisiaren, kritikaren, ziurtasun ezarena baizik. Funtsean, ezezkoetatik abiatu eta bilaketaren, galderaren (erantzunena baino gehiago) airea zen belaunaldi honek arnasten zuena. Bide berriari nola ekin galdezka eta bide berri bati ekin beharrean.

Testuinguru horretan, poesia ez da salbuespena izango, krisi horren lekuko eta adierazpide garbia baizik. Poesiak gizartera joko du, gizarte arazoen isla izatera. Lokatzetan zikinduko da, hezur haragizko pertsonen aurpegia hartuko du, ordura arteko erlijio poesia xuria alde batera utzita.

Krutwig-en 1949eko Bihotza poesia ezaguna (Paco Ibañez-ek eta Letek ere abestua), urte batzuk beranduago indarrez etorriko zen sentipenaren iragarle zaigu:

 Munduak gezurra diotsu, bihotza./ Gezur-gezurra bere argi indarrez,/ nigarretan mina inork ere aditzen/ ez duela derakus.

Dadukazun mina isilik negar zazu/munduak balekus haundituko luke- ta,/ nihork ere laguntzen ez deraukola./ Nihori ere ez esan.

[…] Barre egizu, nigar eiten duzun hori!/ Bai ta penak bizirik triskatzen ere!/ Barre egin ezazu, zerorren barrea/ Hilen nigarra da-ta.

Biztu gaitun biziaren sukar hori,/ eraman begaitza zu zarean nahiak, /laindoko Lege sor hori, zatorskigu, /Gugan izan zaitezen!

Olinpotar hoik, ez zituztet gurtzen nik,/ iraunkorrak zuek ere zerate-ta,/ ziurki Ezerezerat zoazte ta, /Ezer ez zerate –ta.

MuBarre egizu, nigar eiten duzun hori!

UOrdurako Mirande ererrrhhhhjjkbarreaHHH

1948an hasi zen Mirande ere idazten,  Aresti ere laister iritsiko zen eta urte batzuk beranduago etorriko ziren, Rikardo Arregiren “gazteriaren esnatze garratza” edota  Mikel Lasaren “Oi gure denboraren desolamendua!”. Hazialdi honen lana, guztia erortzen ikusi eta gero, gerraosteko gainbehera moralean beren burua aurkitu eta aurrera jarraitzeko modua topatzea izango da.

 “Aro berri bat hasi da sortzen derrotatik eta desenkantutik, fedegabetasunaren itsasoan jaio eta geratzeko. Esperantzak hil dira (“Itxaropena izena duen zital –lili haur!” madarikatzen du Mirandek). “Ezer ezaren samina” erostatzen ari da Joan San Martin “Otsalar”. Horixe da Leturia halaber: fede baten, esperantza baten, “lilura” absolutu baten iluntzea eta zuloa. Dena lilura hutsa izan da:” Lilura batek eusten baninduen, ezaguera batek jaurtiki nau”. Bestelako Euskal Herri  baten esnatzea da- mendeetatik!” (Azurmendi 1998:33.orr)

Krutwig, Mirande eta Aresti izango dira 50 eta 60.hamarkadetako euskal poesia berriaren abangoardia. Beraiek izango dira bide urratzaile nagusi[3] eta definitiboak, aurreko belaunaldikoen presupuestu estetiko eta ikuskera poetikoak eguneratuko dituztenak.  Gizakiaren eta munduaren ikuskera berri bati lekua eginez eta ordura arte landu gabeko bideei helduz. Finean,  gerraurreko tradizioarekiko egiazko hausketa ekarriz.

Memory Dump liburuko hitzaurrean Felipe Juaristik honela dio:

“Para el citado E. Erkiaga, o para NIkolas Ormaetxea “Orixe”, Salbatore Mitxelena, Iratzeder, Bitoriano Gandiaga, la poesía tiene sentido en tanto que sirve de acercamiento y comunicación con Dios.[…] Para Mikel Lasa o Gabriel Aresti la poesía tiene un rostro demasiado humano. A ellos no les sirven enteramente los modelos que les han sido transmitidos. Aresti admira a Lizardi o Lauaxeta, pero son T.S. Eliot y Blas de Otero los que más confluyan en su poética. Mikel Lasa se siente tempranamente atraído por la poesía francesa, a la que rendirá sucesivos homenajes: “A modo de Baudelaire”. Es su propia experiencia la que les llega de manera directa, inmediata, imprevisible. (Juaristi,1990,in Lasa, 1993: 14-15)

Aresti berak ere aurreko tradizioaz hitz eginez ; “es una literatura idealista, sin ningún interés social, que no trata ni toca de cerca ni de lejos los problemas del hombre de la calle;[…] es mistificado, inauntentico y falso, como la sociedad en que vivieron”. Autore batzuekiko salbuespenak salbuespen, kritika gogorra Berpizkundeari.[4]

Iñaki Aldekoak  egokiro azaltzen du bi tradizioen arteko hausketa bere Zirkuluaren hutsmina. Jatorrizko erromantisizmotik euskal poesia modernora (Alberdania, 1993) liburuan. Gerraurreko tradiziotik aurrera garatu zen poemagintzan aurrekoarekiko dagoen aldaketarik nabarmenena eta sakonena munduan izateko moduan datza. Bizitzeko erritmoen artean dagoen  phatos desberdina. Tradizio zaharrean phatos-a estatikoa da, aurrera baino gehiago atzera begiratzen duena. Portu ziurra helburu duen kristau peregrinazioa du bidai. Bidelagun duen fede sendoak babestuko du poeta zerupeko ibilaldi horretan.

Mirande eta Arestiren ondorengo poesiaren phatos-a askoz dinamikoagoa da; mundua urduriago eta bihurriagoa da. Aurreko tradizioak zuen babesik ez da hemen. Bidai horiek ez dute, jadanik, portu ziur eta finkorik, bidaia bera bihurtu da bizitza honetako helburu bakar, poeta belaunaldi berriarentzat. Untzi eta erromes erratuak, Kain eta Ismael dira bidaia berrion protagonistak.

Hamaika gizatxar, ero, makur eta suizida agertu da, heroi gisa, gure poesia eta fikzio lanetan. Eta heroi berri guzti horien errebeldia ez zegoen inongo Jainkoren zerbitzura makurtzeko; ezta Eliza, Estatu nahiz alderdietara. Agnostizismorako aldaketa hori gabe, sekularitzatze hori gabe ezingo litzateke modernitatea ulertu, ezta bere poesia eta sentiera ere.

Eta harrezkero, poesiaren ahotik erlijioaz hitz egiten denean ez dago elizetako apaizen ortodoxiarik. Bizitzak, heriotzak, maitasunak, bidaiak,… beste adiera bat hartuko dute. Eta hala ere, orri horietako asko eta asko erlijioz gainezka etorriko dira, baina erijio hitzaren beste esanahi batean: betetasunaren hutsmina. (Aldekoa,1993 : 28-29-30-31)

Esandako azken hori osatze aldera:

“Mas ninguno de ellos es o se considera ateo. Ninguno de ellos lo elude. […] El sentimiento religioso de la poesía vasca no es gratuito. En un mundo cerrado como el vasco no hay demasiadas alternativas. O se levanta la vista hacia el cielo o, si no, nos vemos obligados a dirigirlo a nuestro interior. […] Deberá pasar tiempo antes que la poesía vasca vaya abandonando, como si fuera un vestido raído, toda carga religiosa. Deberá crearse otro lenguaje, que revestido de ironía deje a Dios en su lugar: alguien que no influye en los destinos humanos.” (Juaristi,1990 in Lasa, Mikel, 1993: 14-15)

60. hamarkadan euskal poesia gaurkotzeko esfortzua egin zutenen idatzien artean gizarte arazoak, kezka existentzialak eta erlijiosoak batera aurkezten dira, bana ezinezko korapilo bihurria osatzen dute.

Poesia berri haren adibidetzat, Mikel Lasa, Amaia Lasa, Joxe Azurmendi, eta Xabier Leteren poema batzuei egingo diegu tartea. Hautaketa beste bat izan zitekeen (beti izan ohi den moduan, bestalde) baina bereziki gustuko ditudalako eta beren poesia lanak belaunaldi gazteen artean ezezagunegiak direla iruditzen zaidalako ekarri ditut hona.

Ez dugu lekurik hemen lau autoreon emari zabalari ohore egiteko. Ez eta beren poesia lanen interpretazio filosofiko eta literarioetan sartzeko ere. Helburua xumea da eta hala konformatu beharko. Humanismoa hizpide dugun ale honetan, poesia berri haren zertzelada batzuk emanaz,  mundu ikuskera berri baten, humanismo tradizional eta berriago baten arteko hausketa urte haiek euskal poesia berriaren talaiatik ikustea da jomuga. Edo behintzat, orduko zipristin batzuz irakurlea bustitzen saiatzea.

Honenbestez, urte haietako mentalitate aldaketa eta jatorrizko kulturaren barne sostengua galdu dituen herri baten adibide eta adierazgarri, olerki sorta bat ekarriko dugu. [5]

Autore bakoitzak bere nortasunaren erakusle poemagintza berezia du, badituzte baina elkarguneak ere. Gehiago ala gutxiago laurek nitasunaren literatura eta aldarrikapen sozialen poesia landuko dituzte. Kontzeptu handi eta unibertsaletatik urruti egoera eta sentipen xeheen poesia. Existentziaren drama eta ironia, poz eta minak, paradisu galdu eta amestuak,kristautasunari kritika gogorrak, Jainko zahar eta berrien ukapena, Euskaldunaren eta giza aberearen patua, euskalduntasun tradizionalaren kritika, askatasunaren aldarrikapena, askatasunaren beharra eta honen pisuaren mingotsa, denboraren joan kontrolagaitza eta bizitzaren ihesa, iraultzaren ideiak eta garaiko ideologiak, esperantzaren gazi-gozoak, norberaren nahien eta errealitatearen arteko ezin bateratua,desilusioaren urradura, gorpuztasuna,sinetsi nahi eta ezina, euskal herriaren eta langilegoaren arazoak,urte haietako euskal herri itxi eta itogarria…

Bada baina beste berritasun bat ere arestian F. Juaristiren hitzetan azaldu den moduan,  poesia berriak aurpegia du, hezur haragizko norbanakoak dakartza, lurreko, lur jakin batekopertsonak,  lurrari atxikitako norbanako konkretuak. Abstraktutasunen eta idealismoen tranpetatik urruti,  existentziaren poesia da hau.

Belaunaldi baten mundu ikuskera (kezka, balio, beldur, itxaropen, galdera…) hitz gutxitan ezin hobeto formulatzen asmatu zutelako, hausnarketa filosofiko eta etiko sakonak ahapaldi labur batzuetan eskeintzearen nekeza eta meritua dutelako. Atzoko eta gaurko irakurle askorentzat gaurkotasun handiko idazleak direlako. Eta  zergatik ez aitortu, edozein aitzakia ona delako, poesia onari lekutxo bat eskeintzeko, hAUSnART-en 3.zenbaki honetako Oroituz atala labur bada ere, olerkiari eskeiniko diogu.

Ez zazula espero irakurle, barne gatazkarik edo arrangurarik sortuko ez dizun poesiarik hemen.Barrenak lasaitzeko idatzia izan denik edota lirikaren adarretan galtzen denik. Ez, ez dira irakurri eta lasai geratzeko poemak (edo auskalo, agian bai!), zer pentsa eman nahi duen idatziak dira.Garai bateko ziurtasun eta babes moralik gabe, noraezaren hutsune bildurgarri, gogor eta aldi berean askean galduta dagoen poesia da hau. Poesia tristea, gogorra, iluna akaso. Desilusioaren poesia azken finean. Baina bizi egarri handia adierazten duten lehio txiki batzuk ere badira. Lehio horiek ikusten, lehio horiekin konformatzen  dakienarentzat.

MIKEL LASA ALEGRIA (Donostia 1938)

Mikel Lasa 1971an bere arrebarekin (Amaia Lasa) batera, bere poemak argitaratu zituenerako ezaguna zen euskal olerkigintzan. Ordurako 60.hamarkadan barrena argitara emanak baizituen bere poemak Olerti, Egan eta beste hainbat aldizkaritan[6]. Lasaren lehenengo eta azken poema liburua izango zen, bere diruz ordainduta, argitaratu zuen Poema Bilduma (1971) izeneko hura.

Artikulugile moduan ere bazuen bere bidetxoa egina garairako. Idatzi hauetan Frantziako literaturaz, ekonomia eta nazio arteko politikaz eta beranduago, euskara eta euskal irakaskuntzari buruz idatziko zuen. 1984tik aurrera etorriko ziren berriz bere itzulpen lanak.

Halabeharrak egin omen zuela poeta zioen, euskal poesia tradizionalaren moldeak hautsi eta garaiko poesia bide berriak urratzera zetorren eragin handiko idazle honek. Jorge Oteizaren aburuz Aresti, Azurmendi eta Juan San Martinekin batera euskal poesiaren modernitatearen aitzindaria.  Sentiberatasun berri baten jabea, eragin sakoneko poeta, aparteko poeta, euskal poetarik onenetakoa,  garaiko poesia sozial eta existentzialistaren[7] desberdina,…  aditu guztiek aho batez aitortzen zuten/dute Lasaren garrantzia, hala eta guztiz ere,  ez zaigu aski ezezaguna ordea.

Bere lanak irakurtzeko beste batzuenak bezain samur edo ulerterrazak ez izatea ote da ezezagupen horren arrazoia? Edota beste batzuetan aipatzen den bezala, Arestiren poesia sozialak horrenbesteko arrakasta zuen garai haietan, bide desberdin batetik zihoazenak baztertuak edo horrenbeste ez ulertu eta errekonozituak izatela?

Poeta berria (1961)

Munduaren hatsa/ nahi nuke atzeman/ Europako bide ugarietan/ (hainbeste jendetza eta ni hain bakar)/ eguerdiko eguzkia adora/ goizetik goizera lana/

arratsaldeetan jainko beltzekin josta.

(Baina ez zait ardura)/ eta gauetan/ bide ertzean naiz ezarriko/ harri-meta txiki baten alboan/ t’ hankak gurutzaturik/ hartuko dut gitarra/ bardoaren gisa/ ta eresi bat kantatuko/ ardura gabe ta triste:

Oi hiri oi izar oi ortzi/ ez duzue balio ezer/ gizonaren irri ta keinu batek/ zuetako mila balio dute/ oi hiri oi izar oi ortzi/ ez duzue balio ezer.

Zoaz eta esaiozu Rilkeri: / izarren hautsa krudela da/ eta ilargiaren esneak/ goragalea ematen dit.

Eta poblatuko dut/ ene arimaren bakardadea/ gizonaren irriz eta neskatxaren musuz.

Deituko ditut lagun berriak: / Fauno zaharrak ene lagunak/ bideetan zehar zabiltzatenak/ Picassoren Arlekin horia/(Kafka bera ote pailazoz jantzia?)/  Pierrot gorria/ eta mundu guztiko clown / aurpegi tristeak/ jazkera gorria eta txano berdea.

Koldo Izagirrek  XX. mendeko poesia kaierak (Susa 2002) liburuaren hitzaurrean, honela dio:

«Herenegun irakurri nion Oterori / zure poema Eganen agerturikako bat», dio Harri eta Herri-ko G poemak. Mikel Lasari eskainiak direnez, Gabriel Arestiren zabaltasun poetiko eta pertsonalaren adierazle dira noski bi lerro hauek, baina orobat erakusten dute, lankide gazteagoaren gorazarre egiteaz gainera, euskal idazleak, noizbait, erdal idazlearen aitzinean harro azaldu ahal izanda hartzen duen pozaren handia: iritsiak ginen bekatuak lilura sortzen zigula aitortzerainoko heldutasunera, gauza ginen, noizbait, gure arima haragirik lohienean galtzeko, gogoak gorputza deskubritua zigun, maitasunak bakardadea. Baudelaire-ren aurrekoak izatetik Baudelaire-ren ondorengoak izatera pasa ginen, hau da, literaturaren historia modernoaren barnean kokatu zen gure poesia, eta konplexurik gabe aldarrikatzen zituen gure poetak bere lagun hilezkorrak: Tzara, Aragon, Lautréamont, Kafka… Mikel Lasak ekarri zuen modernotasuna ordea ez da bakarrik literatura garaikidearen bereganatzeaz sortua. Ageri zuen tristura, jarrera izan gabe, inguru itogarri batek eragina zen, Hego Euskal Herriko 1950-60 urteen basatzak, deshistoriaren erreinu luzeak, ghetto hark. Esan ohi dena baino sozialagoa da bere asperdura existentziala.”

Karlos Santamaria zenaren berdin Simone Weil-en irakurle sutsua, Lasarentzat ere norbanako desustraituaren gatazkak (Simone Weil,1949, L’Enracinement ) bere problematikaren parte dira. Bakardadea, ezereztasuna, bizitzaren tristura, maitasun nahia, galduriko paradisuak (behin ere existitu gabeko paradisuak izan arren) utzitako desolamendua,… Denboraren matazak ere emango dio buruhausterik, Mikelen lanean beti aipatzen den Tamariza eta pikondoa I poemaren bukaerako esaldi ezaguna esateraino: “DANA-k eta NADA-k zirkulua bukatzen dute”.

Lasaren abiapuntua desolamendua da: “Lehen gizonak eta lehen emakumeak beren haragi-hezurretan itsatsirik ikusi zuten sentimendua, paradisutik bidaliak izan zirenez geroztik”.

Tamariza eta pikondoa II (denboraren markak) (1961)

Ene biziaren tristeziazko/sinoak/zeinak baitu urtearen zehar/ biziaren hari guztia kolorazten/ zeinak baitu ene aurpegiaren eskultura/ beheraka zimurrez markatzen.

Itsasontzi antzinako kobrearen metal zaharrak/ ez du ene itxura tristearen tristura/

eta plaia hondar-hustuak udazkenean/ ez du ene etsipenaren zapore garratza.

Tamariza eta pikondoak/ nire haurtzaroko izarotik/ denak erroz desustraituak izan dira denak!

Izagak soilik haizeari buru emanez/ tristeziazko salmoak/ murmuratzen dituzte/ ipar haizearen eraginez eta berresaten:

«Oi gure denbora hunen desolamendua!».

 

Leon Felipe poetaren lanak ere oso maite ditu. Zamorakoaren lanak itzuli edo aipatzeraino bere lanen artean. Paco Ibañezek maiz abesturiko Sé todos los cuentos[8]  Leon Feliperen poesia ezaguna euskarara ekarriz  Bertso urratuak olerkian zera galdetzen du:

 Bertso urratuak (1965)

Ez dezagun poema zeru zolan ixeki/ kaio baten orroa edo txalupa baten gibel borobila / edozein poema baino ederrago direnean.

Poetari haurtzaroan diruaren gutizia gezurrez kendu zioten/ baitzekiten jakin ideia hutsa zein mixerablea den. / Baina nik diot:

Gure poemaren egia odolarekin ziurtatzen ez badugu/ graziarik gabeko pailazoak garela.

Poetak ez badu bere indarrez/ ezaren barrunbea aztertzen/ zein ausartuko ote ustelduriko egiak/ argitara ematen?/ Baina León Felipe-k dio:

Gizonaren sehaska ipuinez eragiten dutela…

gizonaren negarra ipuinez estaltzen dutela…

[…]

Antiklerikalismoan kokatzen da getariarra, izpiritualtasuna itotzen, idortzen duen erlijioaren aurrez aurre. Ez du baina berak kredo berririk ekarriko bere olerkietan, moraltasunik ez[9]. Horren ordez izpiritualtasun pagano bati idatziko dio, errealitatearen konstatazio haragizko, gorputzezko bati, sentsualitatea eta errealitate sentsiblea sentipenen eskutik errekonozitzeko.

Hondarraren gainean eta uraren ertzean idatziriko maitearen izena bezain ez-gauza, hauskorra, iragankorrak dira izan ere gizakiaren gauza guztiak Lasarentzat.  Gure bizitzak liluretan oinarritzen ditugun batzuk baino ez gara. Bizitza bi memoria galduen arteko leize bat dela dirudi. Behin eta berriz, atzoko eta biharko paradisu, utopia eta zorion handiegien ilusioetan erdibituta. Baina…

Egunen batean beharko dugu pausatu (1962)

Egunen batean beharko dugu pausatu/ udarako egun narras luzeren ondoren/ giza errealitate umilaren ohean etzan/ banitate orotaz biluztu, marmario guztietaz/ eta azken finean gure baitara itzuli/ ene buruari so egin, hain bitxia/ estrainoa, birrindua eta madarikatua/ ene burua, eta ene baitara itzuli/ haur baten begiez ingurumariak begiratu/ Biluztu, hustu, sentipen oro bazter/ ez gorrota, ez ahalegin/

betiereko isilaldiaren zapore umila astiro dasta/ Ur-lo isilaren sabelera hondora.

Baina… bizitzaren zoriona edo zoriontto, minutu batean ardurarik gabe egoteak eta minutu honetan ixtantearen laburrunean bizitzeak dakar Lasarentzat. Edozein kanta axolarik gabe kantatzeak, edozein une ona delarik. Gehiegi eskatzen ote diogu bizitza hauskor eta iragankor honi?

Sakelean historia apurtu bat baino ez kontatzeko eta hala ere, desoroitzapen eta deshistoriaren lurretan barneratzeko errepidez beteriko lurrotan gabiltza galduta. “Baina euskaltzaleek balekite jakin aberatsegia dela hizkuntzarik txiroena ere sakelan daramagun historia apurtu hau kontatzeko!”

Gerrate ondorena (1969)

Altsasu, gerrate ondorengo isilunea./ Pagadietan atzeman diat gotorkeria./ Bihotzean hildura. Bidegurutzetan/ ikusi dizkiat gizonak bakanduak,/ mutu geldiak,/ estrapuzko kapusaiaz buruak estaliak,/ mendiari buruz atarrapazka gora zoazila/ pausaldirik gabe, oi arraza galdua,/ madarikatua.

No-man’s-land bihurtua zakuskigu/ oi enea zinen lurraldea. Ze ausardia,/ ze argibide egarria, milaka urtetan/ etenik hengoen mintzaira hirekin lokarritzea.

Hemen herri batek bere buruarekiko oroitzapena galdu bide du, lurra kixkaldu da, gizona mututu, adimen izpia iraungi, ziurki. Hemen euria ateri gabe ari da joan deneko mendeetan. Bisutsak txorabiatzen ez duen lur barruko hilerriaren isiltasun pixua dario. Hemen formaren arrastorik ez dut ikusten. Dena zaigu xahutu, errausi, ezeztu. DESHISTORIAREN ERREINUA DA GURE HAU.

AMAIA LASA ALEGRIA (Getaria 1948)

Nereak ez diren lurralde hauetatik (1971)

Nereak ez diren/lurralde hauetatik/ihes egin nahi nuke. Nereak ez diren ur hauek/ alde batera/ utzi egin behar ditut/Haitz sendoaren biribiltasunean/nire bizitzaren hitza/lortu nahi nuke/ Biribiltasunean/sendotasunean/haitzaren gainean

a

e

i

o

u

berri bat esan nahi nuke.

Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan, Erdi Aroko poeta bikain haien oihartzuna baino ez genuen emakumearen ahotsetik. Etxepareren faboreak geneuzkan, eta Oihenarteren ganbera-joko sasilibertinoak, eta Etxahunen aiherkundea. Gero, gure poesia modernoan, emakumea aberriaren motiboetarik bat baino ez zen izan, eta Lauaxetaren «molde frantseseko» zenbait poematan salbu, familiaren euskarri eta kristautasunaren eredu zelako genuen gizonezko zein emakumezkoen kantagai, Miranderen amoran teek hori bera frogatu besterik ez dute egiten: apologetika batean geunden. Ez da harritzekoa, beraz, Amaia Lasak «a e i o u berri bat» asmatu nahi izana, bere lehen poema liburuan dioen bezala. Ezerk ez zion balio, artean egindakotik. Dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan, Amaia Lasaren poesia fundazionala da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada. Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara.

Koldo Eizagirrerenak dira hitzok ere, XX.medeko poesia kaierak (Susa, 2001) liburuxkako hitzaurrean argitara emanak. Eta horren dira egokiak, horren ederki esanak daude, Amaia Lasaz zerbait idatzi duten ia guztiek egin dietela erreferentzia aipatu lerrooi.

Amaia Lasa Alegriak  magisteritza eta literatura ikasketak egin zituen bere idatz zaletasunarekin tartekatuz. Gaztetxotan, magisteritza ikasten ari zelarik hasi zen bere kasa poemak eta beste idazten. Nagusiki, Zeruko Argiak garaian zuen “Gazte naiz” atalean, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Joxemi Zumalabe, Begoña Arregi, Mari Karmen Garmendia etab-ekin. Gerora ere euskal aldizkarietako kolaboratzaile izan da. Lehenengo bere lan argitaratua, bere neba Mikel-ekin batera 1971an Poema bilduma izenburupean ateratako hura izan zen, gero etorriko ziren Hitz nahastuak (1977) eta Nire Paradisuetan (1979) olerki liburuak. Urte batzuk beranduago bere lehen narrazio liburua, ipuin bilduma bat, Malintxearen gerizpean (1988). Hiru urte Nikaraguan eman ondoren gobernu sandinistari irakaskuntzan laguntzen, handik bueltan argitaraturikoa.

2000. urtean, Euskal Herriko Unibertsitateak Amaia Lasaren lan poetikoa jasotzen duen Geroaren aurpegia-El rostro del futuro (1967-1997) eman zuen argitara, bere hainbat poema liburu bilduz. 2010ean berriz,  Maiatz elkarteak argitaratuta  Itsasoko Izaki  Amaiaren olerkien bilduma bat.

Ez emakume (1971)

Ez emakume /ez ama/  ez eme/ ezin izanik./ Itzal tantolak sapaiaren ertz hartan jarraitzen zuen;/ beste ertz bat behar zuen,/ baina beldurtuta, beti bere ertzean jarraitzen zuen;/  Itzal tantolak beti ertz hartan/  ezin haunditurik,/ezin zabaldurik,/ argia/ ezin sorturik, jarraitzen zuen./ Ez emakume/ ez ama/ ez eme/ezin izanik./ Emakumetasunean/ amatasunean/galduak,/libertatearen ordez/segurantzari helduak.

Ez emakume

ez ama

ez eme

ezin izanik,

igarotzen genituen

geure egunak.

Bai, Amaiaren meriturik behinena, edo azpimarratuena bederen, emakumezkoentzat, herriko desherriratuentzat, dena egiteko zegoen esparru batean alfabeto berri bat  eraikitzen hastearena izan zen. Zerotik hasi eta emakumetasun berri bat aurkeztearena. Aurpegidun emakume bat, hezur haragizko emakume baten, lurreko emakume baten  galdera, galera, min eta desioak plazaratzea estreinekoz.[10]  Aipatu dugu jada, poesia berriak idealismo eta xurikerietatik urruti nahi zuela ibili. Hala, garaiko beste idazleen legez Amaiak ere lurrari egiten dio erreferentzia, haizezko izpirituen hutsala eta emakumetasun eta gizontasunaren ideiaren ezereza salatuz.

Haizea bezalako izpirituak (1971)

 Bihotzaren zentzua haizez puztua dagoen bitartean,

ez da gizatasuna, emakumetasuna, lortzen.

Haizea bezalako izpirituak/ez dira inoiz,/lurraren usaina nabaritzera hurbildu./Gu, lurrean bizi garen jendea gara./ Gure zentzuak lurraren odola galdu du;/bagoaz harat,/ bagatoz hunat,/mila oztopok zigortuak,/azkenaren kolorea ezin nabariturik./ Ez da ardoaren kulpa,/ ez da lurrarena ere,/ itsasoak ez du zer ikusirik/ eta amodioek soseguz betetzen gaituzte./ Alderantziz gure gorputzak izpiritu bihurtuta,

haizearen zurrunbiloan dabiltza/ eta batera, eta bestera doaz,/ haizearen izpiritua xurgatu nahian./

Baina gu gara lurraren usaina daramagun

jende erotua.

Ana Urkizak “Geroaren aurpegia[11] bildumaz dio; espazio berri bat, bizitza berri bat, lengoaia berri bat, herri berri bat planteatzera ausartu zela Amaia. Doktrina guztien aurka altxatuz eta hutsunean igeri egitera ausartuz.

Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakume bat naiz (1971)

Atzo/ zeruko jaungoikoa ukatzen nuen,/gero/ infernukoa eta/ gaur/ lurreko jaungoikoa ukatzen dut.

Doktrina guztien aurka altxatzen naiz.

Atzo,/zeruko pekataria nintzen,/ gero infernukoa eta/ gaur/ lurreko pekataria naiz.

Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz.

 Hutsunean igerian ibiltzeak berekin dakartzan neke guztiekin. Zein da zure betiko barne-borroka?, ( aipatu Argiako 2011ko elkarrizketa):

Nire kontraesan handia libertateaz horrenbeste hitz egin, libertatea horrenbeste desiratu eta libertate hori asumitu ezina da, batez ere, gazte garaian. Libre izateak ondorio asko baititu. Oso indartsua izan behar duzu. Nik ikusten nuen libertatea, nahi nuen libertatea, baina libre nintzenean sufritu egiten nuen, bakardadea sentitzen nuen, ez nintzen ulertua sentitzen… Libre izan nahi nuen, baina, era berean, beti ari nintzen babesle bila, eta kontraesan horretan sufritzen nuen. Orain, jende gehiago ikusten dut askatu nahian, eta bakardade hori ez da hain pisua, talde kontzientziak asko laguntzen du horretan, baina askatasuna beti da gogorra, oso ederra baina oso gogorra.

JOXE AZURMENDI OTAEGI  (Zegama, 1941)

 “Bi olerkari gazte dira Azurmendi eta Lasa. Beren mendearen semeak. Esan nai dut, beren mendearen maillan daudenak. Zergaitik, denok gera bakoitza bere adinean norpere mendearen seme; baiña ez guziok norperaren mendeko kultura maillan gaudenak.

Onekin ez dut esan nai olerkaririk onenak diranik, baiña bai onenak izatearen besteko garrantzizkoa dena: mendearen girokoa izatea.

Au ez da nik bakarrik asmatua. Gauza oietan guk baiño geiago dakien Cataluyniako olerkari ospetsua dan Bauçà adiskideak esana da. Euskal literaturari buruz egiten ari diran lan baterako bialdu nizkion ogeitamar euskaldun olerkarietatik, lau onenen barruan autatu zituan Azurmendi ta Lasa. Esanaz, munduko gaurko poesiarik onenaren antolojia batean sartzeko bezelakoak zirala.

Bauçà-ren iritzi ori jakiteak ez ninduan askorik arritu. Ta, Aresti askoz gutxiago; bera izan dalako bide berri auen urratzaillea.

Ta, lenera nijoa. Etzaida ajola onenak izatea. Aski da oraingoak izatea. Gizonkiagoak izatea. Gizonaren neurrira beren prolemetan eta kezketan egon daitezen.

Orrela dira Azurmendi eta Lasa, beren garaiari finkaturik.

Joxe Azurmendi, Arantzazuko fraille gaztea. Lasa baiño ezagunagoa dugu. Gandiaga-ren Elorri-ri egin zizkion oarpenetatik agiri zaion olerkari on baten ezpala. Geroago, Olerti-n argitaratu zuan Poema beltzaren arbola-k izugarrizko zirrara eragin zidan biotzean. Une ura izan zan neretzat gure olerkitza alorrean itxaropenezko iturburu bat nabaitu nuena. Ez da maiz gertatzen dana.”(San Martin, 1965).[12]

Poema beltzaren arbola (1961)

Uhinak hondar tristean/ahantzi duten txirla baino tristeago./ Ez dakit non dudan galdu/fede gozo haren gozoa,/ez dakit non dudan galdu.

Ai, umetako fedearen sinesmen bigun haren misterioa…

Jaurtitzen zaitudan fede, /amagandiko arnas triste, /adio betiko./Zurekin bizi naiz triste,/areago menturaz zu gabe!/Adio betiko, fede adiskide.

[…]

Zein ordu da, zein ordu?/ Joan ezkeroz, Jainkoa/ itzuli ez denekoa./ Eta ausaz agonia.

Zein ordu da?…

Itsasoaren ondoan/ geldi itsasbelarrak/ lo berde itoan. / Ez da Jainkorikan.

[…]

Ilargi handi,/ gaua zabal, bare, geldi./ Ni Jainko deika,/ basoetan, larri.

Deietan joan zait/ neukan fedearen/ azken izpi.

[…]

Iragan ziren otsoak/ aingeruak itzali.

Joxe Azurmendi euskal saiogile aparta eta oparoenetarikoa dugu, bere filosofia lanengatik ezaguna. Euskal pentsalaririk garrantzitsuena dela esatea ere ez litzateke gehiegi esatea izango. Narratibaren aldetik hortaz, ez du aurkezpen handirik behar hamaika literatur sari irabazi dituen honek. Bere poesia lanak ez dira ezagunegiak aldiz.  Bere lan idatzi eskergaren zabaltasunean, bere poesia liburu bakarra, gaztetako Hitz Berdeak gutxitan aipatzen baita.

 “Bere burua galtzeko bildurrez, trenetan, busetan, parkeetan eta nunahi idatzitako” liburuxka hartako hizt berde haiek euskal poesia modernoaren hastapen hitzak izan ziren ordea eta garrantzitsu zaizkigu.

“Galtzetan estu zeuden garai hartan gerra zibila galdu eta nortasunari zelan eutsi asmatu ezinik zebiltzan antzinako erakunde, alderdi eta korronte sozialak. Belaunaldi berri batek, ostera, Oteizak zioen “belaunaldi arduratuak”, euskal arte modernoa, letrak, nortasuna eta etorkizuna zituen hizpide, eta ez hainbeste galera. Joxe Azurmendiren Hitz berdeak  liburua irakiten dagoen liburua da zentzu horretan, soziala eta erabatekoa. Nortasun handiko poema asko biltzen ditu, norbere mugak eta gizateriaren arazo zein potentzialak azaleratzen dituztenak, modu sano argian.[…] Kristautasunetik, marxismotik eta abertzaletasunetik edan zuen kontzientzia berritu hark modernia zuen ipar. Hitz berdeak liburuan eboluzio betean zegoen estetika bat ageri zaigu, mundura zabalik dagoena eta erroak Euskal Herrian dituena, ondo hausnartua eta landua […] Giro bat sortu zen euskal poesiagintzan, sano kontzientea- behar bada gaur egunekoa baino kontzienteagoa- hitzek zuten indarraz, eta euskara batuaren garrantziaz. Aresti diogunean Azurmendi ere badiogu, garai, helburuak eta askotan forma berritzaileak dakartzatelako biek. Azurmendiren Poema beltzaren arbola poemak, urte bete beranduego Arestik argitaratu zuen Harri erta Herriren izpiritu bera darama: fede zaharra galdu duenak bide berriak urratu behar ditu.[…]

Metroan, hizkuntzan, irudietan libre den poesia inauguratu zuen belaunaldikoa da Joxe Azurmendi. Azurmendiren poesiaren helburua praktikoa da, komunikazioa bilatzen du, espresiobide berriak, ezin esan zitekeena esaten hasteko.Eta horretarako, paradoxikoki, erritmo hautsiak eta existentzialismoaren berba anpulutsuak behar ditu. Beste diskurtso poetiko bat jaio zen Euskal Herrian garai hartan, alegoriarena. Alegoria luze bat da Hitz berdeak.”(Estankona in Hegats 45: 76, 77, 80)

Pagoa geldi dago (1961)

Pagoa geldi dago/ bidearen ertzean/ ezin du konprenitu/ nire presa bidean/ bide gora noala/—izerdi bizkarrean—/zergatik hain urduri/zerbaiten ehizean?

Kantsazio pozoia/baitarama zainean/izanaren miztoak/sartuta egonean/bizitza neke ahulen/pentsaketa luzean/ezin du konprenitu/nire presa bidean.

Bihotza ihartu zaio/gogoeta luzean/gogoa zaio ihartu/pentsamendu lanean./Nire anaia delarik/ezaren ilunean/ezin du konprenitu/nire presa bidean.

Udazken bustiaren/arratsalde morean/fedea erantzi dio/Lanbrok oharkabean/sentimen busti tristez/elkar besarkatzean./Ezin du konprenitu/nire presa bidean.

Goroldioz jantziriko/zauritutako bizkarrean/asperkunde giroa/hosto berdeen airean. /Betiko loaldia/nola gura lukean…! /Ezin du konprenitu/nire presa bidean.

Plazeretan igeri/bizitza bizitzean/pago gazte jentilek/pozaren mozkorrean/huntza besarkatuz/maitasun lizunean/konprenitzen didate/nire presa bidean.

Nire pago kristauak/ostera, bide ertzean,/ezbaiko itxaropenez/ukazio beltzean/heriotz ondorengo/zerbaiten irritsean/ezin du konprenitu/nire presa bidean.

Pagoak ez du atseginikan/bere penaren ohean./Bakar-bakarrik egon baitago/hainbat pagoren artean/eremu grinak zurintzen du-eta/zur sendoaren barnean.

Zertako balio dio hari/pago jaio eta jeiki?/Zertako pago indartsu jaio/loreak lez hil baledi?/Nahiago luke (nahiago dut, bai)/sekula santan ez bizi.

Hil behar garratz sentimen honek/malko latzik lehertu dio/hosto guztien begi berdetan/udaberriko goizero./Halabeharra, pagoak duen/fedearen argudio.

Zuztar minetan bihurritzen du/desesperoen betea…/Pago sendoak ezin du ulertu/

heriotzezko zoria./Madarikatzen du mila bider/heriotzezko bizia.

Pago zaharraren hondarrak/ goroldiorikan gabe/ez du nahi izan eguzki/ta ez du nahi izan lore./Egun lez nahi du jarraitu/ez bizitza t’ez kolore./Pago zaharraren hondarrak/eguzki beltza nahi luke.

Ez txoririk, ez kabirik,/txingorririk ere gabe./(Bizitza ihesi doa/beheko iturrian triste)./Pago zaharraren hondarrak/eguzki beltza nahi luke/eguzki beltza nahi luke ta/lehenbailehen usteldu ere.

Harrezkeroztik daramat/kanta beharra niregan./Bideko harriak penan/txorien lotsa sasian/nabaritu bainituen/bihotzaren bihotzean./Ta harrezkeroztikan darit/arima bertso iturri./Pupila beltzean senti/nion mina herriari./Noa orain euskal herrien/

nekearen mandatari.

Alperrik nauzu ostika/(bekatu hau baita santu)./Deblauki dizut abestu/egia ez dedin galdu./Jakingo duzu gaurtikan/zeru hau nola den (zeru ez!)/infernu.

Adierazgarria da, gerora Joxe Azurmendiren lanean garatuta dauden hainbat ideia oraindik ahalge baina gordin, gazte orriotan irakurtzea. Manifestu Atzeratua (1968)[13] aipatu ohi da bereziki Azurmendiren poesia lanez hitz egiterakoan. Ez da gutxiagotarako. Ibon Sarasolak, 1971ko Euskal literaturaren historia-n olerki honen garrantzia azpimarratzen du:euskaldungoari buruzko meditazio luze eta sakona, gerra ondoko poema inportantenetatik bat, mamiz nahiz formaz”. Aitzitik, hemen ezezagunago diren batzuei tarte egitea hobetsi dugu.

Lurraren seme honek (1962/3)

 Lurraren seme honek/ ez dut nik izarren doinua/ inoiz entzun./ Lurrekoa denak/ lurra entzuten du.

Gure aurtzaroak/ ez zuen aitaren bertsoak/ beste soinurik./ Ez zuen inoiz kantatzen/ gure amak.

Beraz, nire poesian ez dago/ ilargirik. Ez zen/ nire sehaskara hurniltzen. Gerra ostean zen…

Nire poesian/ haizea kableetan zingurunka/ entzuten da, /aitak lantegira joatean/uzten zuen atearen intziria, /ta etxearen bakardadea, / ta euria lehioan.

Kalean lotsa zen/ umearen lotsa/ entzuten da nire poesian./ Aizkorrondoko bisutsa, /ta oinaztarra.

Jendea entzuten da/ nire poesian, jende pobre bat./ Eta aitarentzat ur bila/ nijoaneko iturriaren hotsa.

[…]

Beste behin ere Koldo Eizagirre-ren XX. mendeko poesia kaierak-eko ( Susa 2000) hitzaurreko hitzak ekarriko ditugu:

“Azurmendiren poesiaren protagonista beti lehen pertsonan mintzo den ni bakarti hori da, egia establezituen aurka eta, ondorioz, Jainkoaren aurka ere matxinatua. Urrun gelditu da denboran hain hurbil zegoen Jainko asetzaile hura. Jainkozko beteak okitua ageri da poeta, problematizatu egiten du Goikoa. Ez ordea kezka teologiko gisa. Kontu eske ari zaiona sakramentuari gainez egindako Camus-en gizona da. Horixe izan nahi luke poetak, gizon bat, besterik gabe, ez baita 60ko hamarkada hartan hainbeste ugaldu ziren gizarte fedegaldu bat erredimitzera doakeen misiolari «apaiz, langile eta gizon» haietako bat. Azurmendiren poesiak Jainkoari berari oldartzen zaio, ez Jainkoaren irudi bati edo manipulazio bati. Ez du gizona salbatu nahi, gizon izatearen kondena pairatu baizik. Horrek, orduan, berez zekarren gizarte kontzientzia. Existenzialismo soziala hemen ageri da Arestik ikur bilakatu baino lehen.

Pentsamenduaren poeta da, baina ez horregatik hotz edo intelektuala, zentzumenak ditu hausnarrerako bide. Ez du «obra biribiltzeko» idazten, «poetikaren» ardura gabe sortzen du itxuraz, egunkari pertsonal antzeko batean, eta agian horregatik dute poemok halako indarra. […] Poemotan, nik uste, bere saiakeragintzaren bikaina markatuko zuten ezaugarriak ageri dira, goiztiar: ohi duen tresneria kritikoaren erabilera zuhurrari parekatu geniezaiokeen irudiak urri baina eraginkor txertatzeko trebezia, garaiko gaiari zinkulinkeriarik gabe heltzeko adorea, hausnarketaren sakona eta adierazkortasuna arauez goiti lortzeko talentua.

Azurmendi Jainkoarekin borrokan dabil bai. Itaunka eta kontuak eskatzen. Fede zaharrak galdu eta bide berriak bilatu eta urratu ezinean. Eta haserre, eta amorruz. Ulertu nahi eta ezin ulertu duenaren inpotentziarik handienaz zuzentzen zaio. Ai, umetako fede goxoa galtzearen mina!

 Otoitza (1968)

 Zu bezain ahaltsu banintza ni,/ Jauna, ez litzake munduan/tristurarik izango, ez litzake/ume itsurik jaioko,/ez litzake maitasuna nekatuko,/ez litzake ilunbea triste izango/eta tristeago argia,/eta ni Zu bezain ona banintza/onago izango nintzateke Zu baino;/Jauna, ez nuen andre konkordunik egingo,/ta ez umerik hiltzen utziko/

ta ez herririk agonian/ ta ez begien argirik zahartzen/ ta ez amarik haur hila bihotzaren gainean duela/ bakarrik abandonatuko.

Eta ez zuen bere buruaren gainean/ neska batek/nire anaiagatik alferrik negar egingo.

Ez zan mundu hau holakoa izango, ez/eta guk dakigu hitz honek esaten ez duen/

zer esango lukeen gure hitza zure justizia balitz.

Izango baitzen nire hitza zurea ez bezalakoa,/eta etzuen kreatura galdu baten oihartzun banala/ urik ez daukan desertuan sortuko,/ ta ez nuen holakoa egingo hitza/gizonok gurutzera eramanaren/ kulpa izatekoa.

Zure begiak balira nireok, Jauna, /harri batekin, aizto batekin, lotsa batekin/

itsutu nahiko nuke beharko nire begiratu zurea.

Baina ezin, baina inola ezin.

Aingeru bat egin baninduzu behintzat/nire hegoak norbaiti emanda hiltzeko…

Baina gizon. Eta nork nahi du gaur

gizon bat ezertarako!

Joxeren geroagoko lanaten, handik edo hemendik, zuzen ala zeharka beti agertzen diren auziak presente daude jada olerki hauetan. Jainkoa, sinesmena, heriotza, askatasuna, herri xumea, jende xumea, injustiziaren doilorkeria,  bizitzaren zentzua edo zentzurik eza,…”nekeza zaio gizona eta herria nahigabetzen dituen problemetatik ihes egitea”. Eta injustiziak min ematen dion baten sufrimenduaz idazten du.

Gizakiari bere lekua eman nahi dio, bere lekua. Gizakiari gizaki izaten utziz. Gizaki, besterik ez. Gutxi al da? Lurrekoa izan eta beti zerura begira dabilenaren patu kontsolagaitza! ”Oi, libre izatea eta handi izatea nahasi diguten gureak!”

Prometeo mixerablea (heroikoa ez zana) (1968)

GIZONA mixerablea da/ gizon izaten hasteko/ eskubideen deklarazio bat behar badu.

Gizona ben benetan mixerablea da,/ Jainkoaren errebelazinoak/ egia izateko Eliza bat behar badu/ zaintzaile.

Zer haiz ba! ez zekiagu /begiz begi batak bestea/ begiratzen-eta./

Naturalezaren hiltzen doan / kreatura,/ gizona./ Hi— esaten diat./ Ze ni ez nauk konzeptu a

bat, ez nauk gizon./ Ez zaidakean definizio batek / esistentzia eman. /Neu bakarrik nauk, / sahets guztietatik ebakirik.

 

XABIER LETE BERGARETXE (Oiartzun 1944-2010)

Lete abeslari baino lehenago izan zen poeta, bere literatur ibilbidearen hastapenetan poesia dago. 22 urterako jasoa zuen jada bere lehen poesia saria “Pekatu zaharrak eta sinesmen berria” izenburupean entregatutako lanengatik eta urte bat beranduago, 67an, sariketa berean “Egunetik egunera orduan gurpilean” lanari esker berriz ere lehen saria eskuratu zuen. 60. hamarkadan hasi eta bere bizitzako azken urteak arte poesia beharrezko arnas bidea izan zen Leterentzat. Nahiz eta «neretzat oso zaila izan da beti poesia argitsua eta baikorra idaztea».[14]

Bertsolaritza, herri kantagintza eta kantautore frantsez eta kataluniarrak izan zituen, europako beste idazle handi (Dostoievski, Tolstoi, Camus…) askorekin batera besteak beste, bere lanaren oinarri eta ispirazio iturri. Berak kontatua da, lantegiko ordu aspertuetan eta une libreetan hasi zela poesia idazten Pasaiako bokaleari begira.

Sei olerki liburu argitaratu zituen1968tik 2009ra. Lehenengoa, Egunetik-egunera orduen gurpillean (1968,  Hegosa Cinsa), Bigarren poema liburua, (1974, Gero Mensajero), Urrats desbideratuak, (1981, GAK),  Biziaren ikurrak, (1992, Erein), Zentzu antzaldatuen poemategia (1992, Euskaltzaindia BBK), Abestitzak eta poema kantatuak (2006, Elkar), Egunsentiaren esku izoztuak (2008 Pamiela. 2009 Euskadiko Literatura Sariaren irabazle)[15]

Guk hemen ikusiko ditugunak Bigarren poema liburutik( 1974) hartuak dira, azkena, Ihesa zilegi balitz (Urrats debideratuak, 1981) izan ezik.

Zakurrek jan bezate

 Zakurrek jan bezate/esperantza,/ zerrien bazkari bihur dadila/ justiziaganako ametsa,/ astoek zanpa ditzatela/ injenuitatearen loreak,/ ziminoek likistuz hondatu daitezela/ uste onaren irrifarrak./

Hil bedi siniskeria,/ argizarizko hegoen gainean/ zankolaka bizi erazten gaituen/ nahitasun minberagarri hori.

Horrela egun oroz izanaz/ gizon soil izaten ikasiko dugu,/ ezerezaren aurrean/ osotasun bilakatuko gara,/ horrela,/ gizon izanaz.

Leteren hastapenetako poesiak Arestiren eskolakotzat dituzte guztiek (berak ere aitortzen zuen asko zor ziela haren olerkiei). Bilbotarraren gaiak eta idazkera bera hurbilekoak egiten zitzaizkoin. Ibon Sarasolak bere 1971ko Euskal literaturaren historia-n idatzi zuen; “Poesian, Harri eta Herri-ren espiritu herrikoiaren jarraitzai lerik zuzenena Xabier Lete da. Inguruko errealitatean sakonduz, esperientziaz lortu duen egia pertsonalaz mintzatuz, haren poemagintza herri baten problemen lekuko egiten da”.[16] Xabierrek berak ere lehen liburu horretako olerkiak “egunerokotasunari eginiko kritikatzat” ditu, bigarren poema liburuan jada poesia existentzialagoak, gogoetatsuagoak, barnerakoiagoak direlarik.

Juan Mari Lekuonak, Zeruko Argia 1974 ““Bigarren poema liburua”ri  nere irakurketan”: “Xabierrek, gaur artista askok senti ohi dutena sentitzen du. Haserre eta minbera daude munduarekin, munduak iruzur egin dielako beren esperantzetan. Eta areago oraindik: etsipen beltzaren asun-errea eta hozka gaiztoa dabiltz askoren golkotan. Mundua xeheturik dago, mundua eziñaren erresuma oinperatu bat besterik ez da”.

Ezaren semeak

Gu/ ezaren seme/zalantza orokorraren zaldun lurreratu/ odol eta lokatzezko denbora hauetan/ nostaljiaren sabelean bilduta aurkitzen garenok…

gure kondaira/letra ttipiekin eskribitzen den horietakoa da/ eta gure etorkizuna/ laino grisen ezparadisu prolematikoa.

Oroitzapenak gordetzen dituen maleta zaharra/ zuloz beterik dago aspaldian/ eta horietatik ixurtzen doaz/ esperantzak/ fantasiak/ gorroto farregarriak…

Neguaren atariko arratsaldetan/ gure aterabideak banan-bana kontatzen/ aspertzeraino saiatutakook… / baina sentimenduaren ariak/ ezin ditu iñork behar bezala lotu,/ elkarri itsatsi.

Arrazoiaren gurdia/ bere ardatzaren inguruan/ geratu gabe bueltaka dabila,/  eta bihotza/ mazkatzeraino mekanismoz beterikako/ makina karrankari bat besterik ez da/  neguaren atariko arratsaldetan.

Urte mugitu haietan, ideologia handien funtsak zalantzan jartzen zituzten mugimenduak hedatu ahala utopia sozialen gainbehera etorri zen, eta  urte batzuk lehenagoko espektatibak bete ezaren desenkantu sentimendua nagusitu zen. Lete sentimendu hura bizitzea tokatu zitzaionetariko bat zen.

“Amets handiek, itxaropen handiek, etorkizuneko zorionaren aldarrikapen handiek, izugarrizko mesfidantza sorrarasten didate. Gizakiaren eguneroko duintasuna eta dezentzia apurra aski ez balira bezala, bizi izan gara eta bizi gara salbamen orokorra mugarik gabeko zorionak posible liratekeelakoan.

Garai baten iraultza unibertsalaren ametsa zegoen, ideologiaren bitartez. Izugarrizko garaipenak lortu behar genituen […] Gero porrota nabarmendu zen, eta  guztiaren ustelkeria eta gezurrez ohartu ginen. Utopia, definizioz, inon ez dagoen lurraldea da, eta askotan, gehiegikerien koartada. Ez, nik ez dut amets handirik behar; ez dut gezurretan bizi nahi.” (Lete, 2006: 181)

Nik ez dut amets handirik

Nik ez dut amets haundirik, zeru ederiik eskeintzen,/ etsipenaren mugetan zuekin nago bizitzen./ Nike z dut solas lodirik etorkizunaz egiten,/ bat-bateko librakuntzaz ez dut aspaldi sinisten. /Bizitza maite dut baina ez dut alferrik gastatzen/ eguneroko lorea egarriz baitut dastatzen.

Nik ez dut ehortze ondoko omenaldirik desio/ bizitzaren etsaia denez gorrotatzen dut herio./ Ez dut nahi herri zahar baten agoni kanpairik entzun/ ezin diot galerari odolarekin erantzun./ Lur bortitz honen azpian hobeagorik ez dago/ handik berriz itzultzen ez da asmatu oraino.

Zergatik kale erdian ipuin zoroak kontatu, /bizitza merezi zuten gazte ederrak hondatu. /Eguneroko fruituez bere nahi nuek bihotza/ bakarrik etorriko da, zertan kanta heriotza. /Nik ez dut amets haundirik, zeru ederrik eskeintzen, /herri honen karriketan zuekin naiz bizi ta hiltzen.

Kezka existentzial, ideologiko eta krisi erlijiosoez gain, garaian bogan ziren materiaslimoa eta eboluzionismoa ere bere arduren artean zeuden (“denok ginen, gutxi asko, materialismo dialektikoaren suskribatzaileak”)[17]. Hala, “Sinisten dut” [18]lana edota guztiontzat horren ezaguna dugun “Izarren hautsa[19] koordenada horietan ulertu behar direla dirudi. Azken olerki hori materialismo dialektikoaren konpendio argumentatuegitzat zuen: “Izan ere ausardia behar da materialismo dialektikoa abesti bakar batean sartu nahi izateko!” (Lete, 2006: 31)

Sinesten dut

Sinesten dut/ egun batetan hilen naizela/ hutsean eroria/ ezerezean amildua/ hauts bihurtuko naizela./ Sinesten dut/hartuko nauen lur hortatik/ landare berriak/ sortuko direla,/ landaretatik zuhaitzak/ zuhaitzetatik loreak/ loreetatik fruituak,/ fruituetatik/

gizonak eta abereak/ bazkatuko direla».

Sinesten dut/haiek ere noizpait/lurrera deituak izanen direla,/zabaltasun sakonera/ forma guztien sortokira/ itzuliko garela.

Sinesten dut/ izaki guzien aldakuintza/ etengabea dela:/ itxuraldatze sakon batek berbiztutzen gaituela/ eta izatetik izatera/ atsedenik gabeko mugimenduak/ garamatzila.

Edertasunaren neurri bakarrean/ finkatuta/ bizi behar dugulako/ sinesten dut/ gainerako neurri guztiak/ gezurrezko direla.

Sinesten dut/kolore zoragarrizko larrosen/kapulotasun legunean/ haize euritsuaren freskotasunean/ itsasoaren aldakuntza/ gazi mugikorrean/ eta jakintsuagotzen gaituen/ zalantza orokorraren baitan.

Sinesten dut/ bai/ egun batetan hilen naizela/ hutsean eroria/ ezerezean amildua/ hauts bihurtuko naizela.

 Letek Abestitzak eta poema kantatuak liburuan kontatzen du noiz eta nola idatzia izan zen olerki hau.

 “Sinisten dut serioa zen. Traszendentziaren ukapena, hain zuzen. Fede inmantista bat aldarrikatzen zuen errezitazioa. Oroitzen naiz baesti hori non sortu zen. Nafarroako Auza herrian, Ultzamako bailaran, udabrreiko arratsalde batean. Muino baten gainean zaldi zuri eder bat zegoen. Eta pentsatu nuen han lurraren bakea atzeman zitekeela, eta heriotza onartu egin behar zela betiko atsden- gune bezala. Lo liberatzailearen pertzepzioa bailitzan, naturarekin bat nahi nuen izan, hilezkortasunaren itxaropenik gabe”. Lete, 2006:180)       

Oiartzuarraren letrek arrakasta handia izan zuten 60-70. hamarkadetan. Urte haietako euskal kulturaren garatze prozesuan ezinbesteko izena izateraino. Hitzen argitasuna eta mezuaren gertutasuna, hizkuntza poetiko sinplea, soila, ausarta,  zuzena, metafora ilunen beharrik gabea. Euskal kantagintzako poema eta abesti mugarri haien letretan garaiko euskal gazteriaren zati handi bat erraz identifikatuko zen, beraien biziera, pentsaera, sentimendu eta kontraesanak ezinegokiro adierazten baizituen Letek.

Ihesa zilegi balitz

Ihes betea zilegi balitz/ nunbait balego bakea/ ni ez nintzake etxe ertzeko/ loredien maitalea.

Ni ez nintzake oinazearen/ menpeko miserablea/ oihu zekenen destinatzaile/ etsipenaren semea.
Ni ez nintzake inorentzako/ eskandaluzko kaltea/ lur hotz batetan aldatutako/ landare sustrai gabea.

Ihes ederra zilegi balitz/ urra ahal baledi katea/ ni ez nintzake ontzi gabeko/ itsasgizon ahalgea.

 

Suak erreko ez balu

eta euriak busti ez.

Negarrik ez balitz

eta arratsaldea

gauak itoko ez balu.

Pobreek lurrik balute

eta lurrak maitasunik

eta esperantzarik zaharrek.

Justiziarik balitz

eta herriak sofritu ez

gustura, bai,

isilduko ginateke

eta —Zenbat da?

Beste kopa bat!

Suak erreko ez balu, 1966, J. Azurmendi

 

Bibliografia

Alberdi, U. (2011) “Libertatea oso ederra da, baina oso gogorra ”, Argia 2264 zenb. 2011/02/13.

Aldekoa, I. (1993) Zirkuluaren hutsmina. Jatorrizko erromantizismotik euskal poesia modernora, Alberdania.

Aldekoa, I. (1993) Antologia de la Poesia Vasca/ Euskal Poesiaren Antologia, Visor.

Azurmendi, J. (1971) Hitz berdeak, E.F.A.

Azurmendi, J. (1998) Oraingo gazte eroak, Enbolike.

Eizagirre, K (2000) XX. mendeko poesia kaierak,Joxe Azurmendi, Susa.

Eizagirre, K (2001) XX. mendeko poesia kaierak, Amaia Lasa, Susa.

Eizagirre, K (2002) XX.mendeko poesia kaierak, Mikel Lasa, Susa.

Estankona, I. (2010) “Artean gazte eta verde: Azurmendiren Hitz berdeak eta Manifestu atzeratua”, Hegats 45, EIE.

Irastorza, T. (1995) “Mikel Lasa: Arakatzaile”, Hegats 12, EIE.

Juaristi, F. (1990) “Mikel Lasa: Parábola del extraño” in Lasa, M. (1993) Memory Dump, UPV/EHU.

Lasa, M. (1993) Memory Dump, UPV/EHU.

Lete, X. (1974) Bigarren poema liburua, Gero Mensajero.

Lete, X. (2006) Abestitzak eta poema kantatuak, Elkar.

Lete, X. (2008) Poesiaz gogoeta bat, Pamiela.

Mujika, I. (2011) Xabier Lete (auto)biografia bat, Alberdania.

Otaegi, L. (2011) “Estalitako egia esanezinen poesia”, Hegats 47, EIE.

San Martin, J. (1965) “Bi olerkari munduaren orduan: Azurmendi eta Lasa”, Zeruko Argia 1965/09/05.

Sarasola, I. (1971) Euskal Literaturaren historia, LUR.

 


 

[1]  Eusebio Erkiaga, “Jean Paul Sartre’ren ardi galduak”, 1951, Egan:

Artzai biurtua dot/ene Jean Paul Sartre/artalde ugaria dan/aker eta naste, /Et-et, et-et!

Zezentokian zezen /urde biribilla, /pozik sartuko dautsat /amudun makilla.

Nortzuk ditugu, gero,/«izate-zaleok»?/Arako Epikuro’n/ txarriak, barrirok.

Soñeko merkez udan/tximiño bezela/ipurdia eta abar/agiri dabela.

Prantzi’tik datozkigu/Euskalerriraño/barrenarentzat kirats, /begientzat laño.

[…]

Eta or dabiltz galdez/ samin, beti larri,/ euren buruak noruntz/ begiraka yarri.

Ai, gizaiso aundiok,/ argi-gabetuok,/ illunez ta ustelez ez/ al dozue egin ok?

 

Arren bai arren, bizkor/ utzi leze-bide,/ yaso goiruntz begiok/ izarren senide.

Utzi urde zikiñen/ beira begiratze,/ biotzak goratuaz/ barrenak loratze.

[…]

Ta zerua itzuliaz/ izar, begietan/ zinkuriñak lore biz,/ otoi, ezpañetan.

Agur, ba, ene Sartre, / akerzai azkarra,/ irri-karkaraz dozu/ inpernuko garra!/

Ja-ja, ja-ja!..

[2]Barrenak ez dit agintzen ixilik egotea, liburu honek gaurko gazte-jendearen artean egin dezakeen

kaltearengatik. Leartza, liburu hontako giza-nagusia, europear bihurtu zaigu, izurri gaizto batean, behintzat. Ez dugu hemen holakorik behar.[…] liburu hau burutik egina dago.” ORIXE, “Peru Leartza´ko, Txillardegiren liburua, in JAKIN 1960, 5-6.

[3] Hiru izen hauek dira beti aipatzen direnak. Baina ez da ahaztu behar poesia berriaren hastapenetan bide urratzaile lanean beste askok ere lan garrantzitsua egin zutela, nahiz eta beharbada ez izan horren definitiboak. Eta beraz, poesiaren berritzea euskal herrian ez dela izan hiru izenen kontua.

[4] Mikel Lasa 1961eko  Belok-eko elkarrizketa (Lasa, 1993: 104-105): “Aita Xabierri erraten nion, behar dela realismo bat asmatu gure literaturan, bai nobelan nola poesian. Gure poesia zerutik hurbilago dagoelako lurretik baino. Eta hori zela eta, irakurri nion haren poemetatik aukeratu bertso hau. “ Beste herriak odolez eraiki dira, Euskal Herria eraikiko da otoitzez”(gure artean esanda: irrigarria da frase hori), “realismo divino bat badela”

–       Ez dakit zer esan nahi duen esaera horrek, erantzun nion. Neretzako

ulergaitza da “realismo divino” delako hori. Ohartarazi nion, nola idazle berrien artean onenak (Aresti, Txillardegi, J.S. Martin, Mirande…) beste tonu berri batean ari direla mintzatzen, beharbada Jainkoarengandik urrunago eta gizonongandik hurbilago.

[…]Zorionez, euskal poesía ez da hasi eta bukatu Arrese, Lizardi, Orixe, Bedoña eta Iratzederrekin. Nire desesperantzat esperantza dakus.”

Beste 1969ko Arestiri buruzko idatzi batean gai igualari bueltaka: “Dudarik ez dago gazteria berriak amesten zuen literatura Aranismoaren espresioa bidetik ezin zitekeela etorri. Aranismoa sistema itxia zen eta zenbaiten begietan sistema bizia agertzen bazen, bere bizitasuna edo eboluzioa itxurazkoa zen […] Hori hala izanik, eta ez dago dudarik hala zela, ez zen behar linguistika ezagupen handirik, beste bide bat, handik edo hemendik, bilatu nahi izateko. […] Gauzak horrela izan ziren bitartean, une batean bederen, momentu oso aberatsa izan zen, eta benetan sentitu genuen orduan literatura berri eta gazte baten esperantza ernagarria. Ene ustez, ikusmira horretatik ikusi behar dugu Arestiren obraren inpaktoa gazteriarengan. (Lasa, 1993: 128)

[5] Tere Irastorzak Mikel Lasaren poesiaz zioen pasarte bat interesgarria izan liteke hona ekartzea. Bai lau autoreotara bai eta beren garaiko besteetara.
“ Modernitatearen aldarrikapeneik posmodernitatearen askiuste aroaren garaira iritsi  gara, bidenabar, guztiok, eta 1971an modernotasunaren tankera guztiekin irakurri zena, egun posmodernitatearen erreferentziaz betetzen da.” (Irastorza, 1995: 11)

[6] Gazteleraz ere poesia ezin fin eta ederragoak ditu. Ikus : Memory Dump liburuan.

[7]  Orokorrean Mikel Lasaren lana azaltzerakoan existentzialismoa aipatu ohi da (Jon Kortzar, Iñaki Aldekoa esaterako) berak ere bereziki Camus-en eragin sakona onartzen duelako. Felipe Juaristik aldiz ez du uste Lasaren lana existentzialista denik hitzaren zentzu zuzenean. Ikus Juaristi, 1993:12

[8] Yo no sé muchas cosas, es verdad. / Digo tan sólo lo que he visto./ Y he visto: / que la cuna del hombre la mecen con cuentos, / que los gritos de angustia del hombre los ahogan con cuentos, / que el llanto del hombre lo taponan con cuentos, / que los huesos del hombre los entierran con cuentos, / y que el miedo del hombre…/ ha inventado todos los cuentos./ Yo no sé muchas cosas, es verdad,/ pero me han dormido con todos los cuentos…/ y sé todos los cuentos.

 

[9] Lasa, 1993: 113: “OSTIRALE SANTUA 1962: Señor del misterio/ Dios de otro mundo, Hombre de este mundo/ Dios perdido, Dios caído, hermano, amigo/ Te saludamos desde nuestro infierno/ Y en el pecado que nos condena/ Hallamos tu amor más profundo.

Señor, en la trsiteza infinita del huerto desconocido/ Pensabas en nosotros, amates irredentos, / Dioses solitarios y vencidos/ En un mundo que no era el tuyo.

Hoy, desde nuestra soledad/ Pensamos en ti sin amor y sin odio/ Como en una noticia confusa/ De un rostro apenas conocido.

[10] Emakumeen bide irekitzaile izan zela esan ostean, paradoxikoa eta jakingarria da Amaiak erantzundakoa  2011an Argia astekaria-n eginiko elkarrizketan nola  garaia hartan oraindik ez zuen emakumearen bazterketaren kontzientziarik; Nola bizi izan zuen lehen emakumetariko bat izatea garaiko literatura erabat maskulinoan galderari: “Maskulinoa bakarrik ez, gehienak, gainera, frailekumeak ziren, eta gizartea askoz ere itxiagoa, erligiosoagoa: oso erraz eskandalizatzen ziren. Guk gure askatasuna hartu genuen idazteko, ez ginen kezkatzen besteek zer pentsatuko zuten, baina anaiak eta biok 1971n argitaratu genituen poemak nahiko eskandalagarriak izan ziren. Hasieran emakume bakarra nintzen, baina ez nintzen baztertua sentitu. Juan San Martinek nire poemak hartu eta argitaratu egin zituen, Martin Ugalde ere oso errespetuzko pertsona zen eta hala tratatzen ninduen… Nik uste dut bitxikeria nintzela haientzat, zerbait arraroa. Ez nintzen baztertua sentitu, eta horrekin ez dut esan nahi talde bezala bazterturik ez gaudenik, baina pertsonalki une hartan ez nintzen hala sentitu. Oso gaztea nintzen, eta oraindik ez nuen emakumeen bazterketaren kontzientziarik. 80. Hamarkada hasieran izan zen feminismoaren lehertzea, eta orduan hartu nuen nik ere kontzientzia, eta konturatu nintzen baietz, idazlea nintzela, baina… Baina asko zeudela.”( Argia 2264.alea, 2011-02-13)

[11] Urkiza, Ana,(2000) “ Geroaren aurpegia”, Karmel 10.

[12] Juan San Martin eibartarrarenak dira hitzok. “Bi olerkari munduaren orduan”, 1965, Zeruko Argia-n argitaraturiko artikulukoak dira. Garai hartako poesia gaztearen bilduma gisa argitaratutako Uhin berriak (SPEG, 1969 ) liburuaren egilearenak . Bera ere poesia berriaren hastapenetako izen garrantzitsua izandakoa da.

[13] Poesian liburu bakarra argitaratu du, Hitz berdeak (1971); baina, paradoxa dirudien arren, arrasto sakonena eta garrantzi handiena, bertan argitaratu ez zen zati batek izan du: «Manifestu atzeratua» zentsurak debekatu egin zuen, eta liburuan agertu ezinik Olerti aldizkarian aurkitu zuen plazaratzeko bidea. Hasieratik bertatik adieraziz bere asmoa, «panfletotik» gora doa zalantzarik gabe. Estiloaren aldetik Arestiren itzala nabari bada ere, egundoko indarra dute bere hitzek, orijinaltasuna, eta —onerako nahiz txarrerako— urteek kendu ez dioten balioa.( X. Mendiguren / K. Izagirre, Euskal literaturaren antologia» Elkar, 1998)

 

Ikus: Manifestu atzeratua:  http://basque.criticalstew.org/wp-content/uploads/MANIFESTU-ATZERATUA.pdf

[14] «Poesia neurri handi batean, esan ezin diren gizakumearen atal horietaz zerbait esan eta zerbait argitu nahi izatea da.Jakituria sakonaren pareko izan daiteke, adimenak esaten asmatuko ez lukeena hizkeren hedatze harrigarriz egiaztatuko bailiguke, gizatasunean eta egiatasunean gu bermatuz» Letek Poesiaz gogoeta bat (2008:20-21 )  liburuan esana.

[15] Bere poesia lanak bi multzotan banatu ohi dituzte adituek. Lehenengo bere hiru olerki liburuak alde batetik, Egunetik egunera orduen gurpillean (1968), Bigarren poema liburua (1974) eta Urrats desbideratuak (1981). Ondorengo urteetako beste hirurak beste aldetik, Biziaren ikurrak (1992), Zentzu antzaldatuen poemategia (1992) eta Egunsentiaren esku izoztuak (2008). Lourdes Otaegiren hitzetan: “Trazu nagusitan deskribatzeko, lehen idazlanetan poetak gizatalde batean edo gizaki orokorrarengan ezarri zuen ardatza.Aberriaren, gizarte auzien eta historiaren inguruko hausnarketen adierazpen da bere obra.Gizateria osoaren auzien inguruan dihardu funtsean, eta giza existentziaren eta heriotzaren zentzuaz galdetzen du.

Utopia sozialen, kezka existentzialen eta Jainkorik gabeko gizateriaren larriduraz dihardu bere poesiak, eta horregatik, euskal poesiaren historiak olerkari sozial eta existentzialistaren aroko testutzat jotzen ditu liburu horiek.Aldiz, bigarren aroko hirurak […] gizaki indibidualaren barnetasuna, sufrimendua eta bilaketa espiritualaren lekukotza ematera datozela esaten da.Hor helduko dira maitasunaren eta errukiaren aurkikuntza,kontsolamenduaren eta erredentzioaren jomuga Lehen garaiko poesia euskal herriaren kezka kolektiboari eta iraganari nahiz etorkizunari buruzko iradokizunetan murgildua dago; bigarrena, ordea, barnealdera eginiko bidaia bakartia da. Nolanahi ere, inoiz ez zuen alde batera utzi jokabide kolektiboarekiko begirada etikoa” (Hegats 47 : 26)

[16] Hemen aipatuko ez dugun arren, Leteren hastapenetako poesia lanen harira, eta poesiak eta poetak gizartearekin duen konpromezua eta  izan beharreko engaiamentuari buruz, ikus: ARKOTXA, Aurelia (1983): “Xabier Lete. Un poète sous le franquisme. Une conception de la finalité du langage poétique” in Pierre Lafitte-ri omenaldia. Euskaltzaindia. Bilbo. 155-173 or.

[17] Lete materialista, zientifikoa, eboluzionista, orainaldi historikoari bueltaka eta bestetik poeta humanista, bakezaleak elementu kontraesankorrak ditu. Baina ez dugu honetaz harritu behar. Hauxe bera, gertatzen da, Azurmendirekin, M. lasarekin eta urte haietako beste idazle askorekin ere. Gaurkoekin ez al da gertatzen ba?

[18] Bestela esanda, Izarren hautsan bezala, Sinesten dut poemaren baitan aurki daiteke Leteren belaunaldikoen hausnarketa filosofiko eta sozialaren formulazio oso bat, gizakia bere osotasunean hartzen duena, maila pertsonalean eta unibertsalean, baina garai hartako Euskal Herriaren errealitate sozialari eta politikoari ere begiratzen ziona.” (Otaegi in Hegats 47: 30-31)

 

[19] Olerki honi buruz  sakontzeko, Lourdes Otaegi, Egan 2001,2005

Filosofian lizentziatua, doktoretza ikasketak egiten dihardu.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […] Lapiko Kritikoan […]

Leave a Reply

Printer  Print This Page