Aske Guneak eta hegemoniaren erainkuntza (naiz: 2013/05/17; berria: 2013-06-19)

By • May 20th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Aske Guneekin martxan jarri den dinamika, porrota dela esan dute batek baino gehiagok. Ahots guzti hauek ez datoz leku berdinetik baina bat egiten dute ondorioan. Batzuk estrategia politikoak zuriak edo beltzak direla pentsatzen dutenak dira, helburu konkretua ez lortzeak borroka guztia indargabetzen duela diote: «pertsona askagune1batzuk kartzelara sartzea ezin identifika daiteke irabaztearekin». Beste batzuk, ezker abertzaleak lortzen dituen garaipen politikoak gutxiesteko asmoa dute, beraien immobilismoa edo kolaborazionismoa ezkutatzeko asmoz. Honen adibide dira Urkulluren hitzak, ezker abertzaleari «jendartea beharrik gabe tenkatu» duela egotziz. Azkenik, badago beraien burua «benetako» independentismoaren pulpituan kokatuz, ekimen hau gutxiesten dutenak; «benetako herri harresia independentzia da« izango litzateke azken hauen leloa.

Nire ustez, Aske Guneen dinamikak badu gehiengo zabal batek (nahiz eta batzuk ez publikoki esan) onartzen duen lorpena; errepresioarekin eraman nahi gintuzten ur geldoetatik alde egiten hastea, alegia. Errepresioaren praktika garestitzen ari da, eta Aske Guneetako dinamikak atxilotzeak eta etorkizunean etor daitezkeen kondena berriak ematea ere zaildu egin du. Hortaz, herri harresiak, espainiar eta frantziar Estatuek euskal askapen mugimendua geldiarazteko duten lanabes garrantzitsuena, errepresioa, pitzatu egin du. Baina Aske Guneen dinamikak, badu sarri azpimarratzen ez den beste bertute bat ere: hegemoniaren eraikuntzan urrats garrantzitsuak ematen laguntzeko gaitasuna du.

Egunerokotasunak politikan sortzen duen sasi artetik aldentzen bagara, borroka politikoa unibertsalak eskuratzeko borroka moduan ulertu genezake. Ze agente politikok ez luke nahiko bere helburu politikoak, jendartearen gehiengoak demokratikotzat edo justutzat ez hartzea? Eta ondorioz ze agente politikok ez luke borrokatuko jendartearen gehiengoak hori horrela dela ikusi dezan? Hauxe dugu hain zuzen hegemonia lortzeko borroka. Eta ondorioz, unibertsalak norenak diren baldintzatzeko gaitasuna duen mugimendu politikoak hegemonia duela baiezta genezake.

Adierazi dezagun guzti hau adibide konkretu batekin. Pasa den mendeko 90. hamarkada hasieran, Euskal Herrian eraiki zen eta hegemonia maila altuak lortu zituen diskurtso bati erreparatuko diogu: euskal jendartea indarkeria zale eta demokraten artean zatitzen zuen diskurtsoa. Zatiketa honek, alde okerrena tokatzen zitzaienei, ‘biolentoei’, politikan aritzeko eta eragiteko ahalmena erabat kamustu zien. Posizio politikoa baino lehenagokoa omen den zatiketa hori, berez, izugarrizko lanabes politikoa da, eta hori du bere helburua; arerioari, ahalmen politikoa ahalik eta gehien murriztea. Biolentoak eta demokratak dikotomia independentismoa indargabetzeko estrategia politikoa izan zen, ez giza eskubide unibertsal horien aldeko estrategia.

Hegemoniaren logikak hortaz, dikotomiak sortu eta birdefinituz egiten du aurrera, eta Euskal Herrian, batez ere, biolentoak, antidemokratikoak Vs demokratak dikotomiarekin eraiki izan da. Aske Guneetako dinamika, askatasunaren, justiziaren, demokraziaren… aldeko borrokarekin jendartearen gehiengo oso zabal batek askagune2identifikatu izanak, eta atxiloketak agindu eta exekutatu dituztenak, demokrazia eta justua denaren kontrakotzat hartu izanak, badu bere garrantzia hortaz. Dinamika berri hau, unibertsalen jabegoa aldatzen laguntzen ari da. Gainera, hegemoniaren desplazamendu honek, Aske Guneetan parte hartzen ari direnen helburu politikoak (independentzia eta sozialismoa) legitimizatu egiten ditu. Ez lehenagotik helburu horien alde zeudenen aurrean bakarrik, jendarteko gero eta pertsona gehiagoren artean baizik. Hortaz, Aske Guneen arrakasta, pertsona batzuk kartzelara joan edo ez joatearekin bakarrik neurtzen badugu, duen bertuterik handiena kamusten ariko ginateke. Baina Aske Guneen arrakasta hegemoniaren logikaren prismatik begiratzen badugu, agerian gelditzen da garaipena. Ezker abertzalea, beste agente politiko guztiak bezala, hegemoniarako borrokan dabil (edo Arnaldo Otegiren hitzetan ‘sinesgarritasuna’ lortzeko borrokan dabil), baina diferentzia handi batekin; eraginkorra izaten ari da.

Kontutan hartu beharreko beste ideia bat konfrontazioarena da. Urkulluk, hasieran azpimarratu dugun moduan, Aske Guneekin ezker abertzaleari ‘jendartea tenkatzea’ egotzi dio. Gauzen egoera aldatu nahi duenak, konfrontazioa, hau da tentsioa behar du, konfrontaziorik ezak gauzen egoera bere horretan mantentzea baitakar; ezer ere ez aldatzea alegia. Hala ere, konfrontazioak parametro egokietan planteatutakoa behar du izan, horrela egin ezean, statu quo-aren aldekoek jasoko baitituzte onurak. Egoki planteatutako konfrontazioak, gauzen egoera aldatu nahi duen subjektua hegemoniara gerturatzen du; jendartearen begietara, justizia, demokrazia, askatasuna irudikatzera gerturatzen du alegia. Esanak esan, Aske Guneen dinamika, egoki planteaturiko konfrontazioaren adibide dugu. Lege injustu eta antidemokratikoen aurrean jendartea ez tenkatzea, lege horiek ontzat ematea da; aldatzeko gogorik eta intentziorik ez izatea da. Horregatik du PNVk Bigarren Mundu Gerrako gobernu kolaborazionisten gero eta antz gehiago.

Aske Guneei eta beste zenbait ekimeni esker, hegemoniaren desplazamendu baten aurrean gaudela deritzot; atzoko ‘biolentoak’ jada demokrata ari dira bihurtzen eta ‘demokratak’ biolento. Desplazamendu honen aurrean, badirudi, PNVk begiak istea erabaki duela, horrela eginez gero mundua lehenaldian geldituko delakoan.

naiz:

eta

berria

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

4 Responses »

  1. Teoria mailan hegemonia eta dikotomiaren arteko erlazioa ez dut gero, praktikan, hain argi ikusten. Nire ustez balio handiagoa du zerbait “azaltzeko” erabakiak hartzeko baino (deskriptiboaren eta preskriptiboaren arteko auzi eternoa). Ulertzen dut garai zaharrean eragile batzuek oso ondo kudeatu zutela “demokratak vs. biloentoak” dikotomia izaera jakineko hegemonía baten baitan (bi kontzeptu horien arteko kausa-efektu gisako lotura egitea kosta egiten zait ordea). Egun hegemoniaren bilakaera gertatzen ari dela onartzen badugu, berau azaltzeko dikotomiaren tresna ez zait nahikoa iruditzen. Nire ustez dikotomia zaharrak jada ez du funtzionatzen, baina berririk ez da planteatu (ez ditut dikotomia eta konfrontazioa berdintzen), eta hala ere hegemonía aldatzen ari ote den zantzuak daude. Uste dut zerikusirik izango duela jendartearen pertzepzioak; garai berri honetan gizartearen nahia, beharra eta eragileei exijitzen zaiena ondoen ulertu eta beren jarduera egokitu dutenek jaso bide dute zilegitasuna. Hor kokatzen dut aldebakartasunarena. Betiko demokratek hutsegite handia egin dutela iruditzen zait egoera berriaren aurrean geldi geldi geratzearekin, pentsatuz besteei soilik zegokiela mugitzea. Dikotomia zahar horrek egun ez du asko balio, eta darabilten “Ongi etorri demokraton aldera, bazen garaia” diskurtsoa baino garai berriari dagokion jarduera espero du jendarteak. Pertzepzio hori dela-eta ezer aldatu ez balitz bezala jokatzeak (egoera usteltzeko esperantzaz?), ustezko leku pribilejiatu horretatik, higadura dakar. Legeak legeak izango dira, zuzenbide estatuak ezin izango du bestela jardun, baina gizarte honek beste zerbait espero du. Era berean aipatu dikotomia zahar horri lotuta ikusten ditut besteekiko autokritika eskariak edo “zoru etikoa”ren inguruko erretolika. “Demokrazia”, “Justizia” bezalako unibertsalak eskuz aldatzear daudela dirudi baina zein dikotomiak hartu du parte? Berriro orduan hasierako nire kezka: Hegomoniaren lerratzean zein dikotomia berri planteatu daiteke? Helburu politiko jakin bati lotuta (“independentistak vs. unionistak”) soilik?

  2. Hemen kolaborazionistak dira bai PNV eta baita Bildu ere. Hori argi esan ezean, edo horrekin amaitu artean, modu honetako desobedientzia aldarrikapenek indar guztia galtzen dutela iruditzen zait.

  3. […] (Jatorrizkoa: Lapiko Kritikoa. Unai Apaolaza) […]

  4. Aupa Jesus mari. Gauza asko esaten dituzu eta ez dakit dena erantzuteko gai izango naizen. Saiatuko naiz. Pausoz pauso hortaz.
    Teoria eta praktikaren kontuari dagokionez, zuk ez bezala, nik ez ditut bereizten. Edo zehatzago esanda, ez nuke jakingo non hasten den bata eta non bukatzen den bestea esaten. “Teorizazio” guztiek, eta errepikatzen dut, guztiek, “praktikan” eragiteko bokazioa dute eta alderantziz, praktikarik gabe ez dago teorizaziorik; ez dago zertaz teorizatu. Non dago muga? Ez dakit, eta ez zait gehiegi interesatzen. Gainera, bereizketa “interesatua” dela iruditzen zait. Zergatik? Statu quo-a mantentzeko ezinbesteko bereizketa delako. Edozein “teorizaziok” askatzailea izan nahi badu, hau da, gauzen egoera aldatzen lagundu nahi badu, “praktikan” (ulertu errealitatean) ez dagoen posibilitate bat sortu, azaldu… egingo du. Baina hau egiten duten diskurtso, teorizazioei “errealitatera” atxikitzen ez direlako ez-erreal, ameskeria, praktikarekin bat ez datozenak bezala etiketatzen baditugu, aldaketarako posibilitatea bera ukatzen ariko ginateke. Etorkizuna gaurko “errealitatearen” diferente izateari ateak isten ariko ginateke. Diskurtsoak eta teorizazioak ekintzak dira, praktikaren parte dira. (Gai honen inguruko testutxo bat zintzilikatuko dut laster)
    Dikotomia eta hegemoniaren aferaz. Politika dikotomiarik gabe desagertu egiten da. Edo nahiago baduzu, antagonismorik ezean politikarik ez dago. Dikotomiarik gabeko mundu bateko jendartea erabat homogeneoa izango litzateke; denek momentu oro gauza bera nahiko genuke alegia. Bistan denez, hau absurdoa da. Hortaz, onartu behar dugu dikotomia ugariz osaturiko mundu batean bizi garela. Ez dugu denok gauza bera nahi. Zein da aterabidea? Jendarte guziak nahi berak izatea lortzea?(Hau litzateke Habermas eta enparauen soluzioa. Eta lortu ezean, kanpoan gelditzen diren pertsonak, ez-razional, ez-pertsona lirateke. Soluzio bat da) edo dikotomiaren zure aldera ahalik eta jende gehien erakartzea(Beti ere jakinaren gainean egonik jendarteko pertsona guziak ezin izango dituzula zureganatu)? Niretzat bigarren aukera egokiagoa da. Eta hemen azaltzen zaigu hegemonia. Hegemoniaren logikak hori ahalbidetu baitezake, dikotomiaren zure aldera jendea erakartzea. Eta hori lortzeko norberaren eskari partikularrak unibertsala sinbolizatzera iritsi behar dira jendartearen gehiengoarentzat. Jendarteko zenbat eta jende gehiagok zure partikularrak unibertsalak sinbolizatzen dituztela uste, orduan eta hegemonia maila altuagoa izango duzu.
    Adibide konkretu bat. Zaborren kontua. Zer egiten ari dira errauskailuaren aldekoak? Atez atekakoa ez dute onartzen “askatasunaren” izenean. Adierazi beharrean, errauskailua egin nahi dutela dirua poltsikoratzeko (interes partikularra), unibertsalen aldeko borroka moduan planteatzen ari dira. Beraien nahia, bakoitzak nahi duena egiteko “askatasunaren” alde daudenen eta “inposatzen” dutenen arteko dikotomia sortzea da. Hegemoniarako borrokan dabiltza hortaz. Ez birziklatzea askatasunarekin identifikatzen badu jendartearen gehiengoak irabazi dute.
    Bestalde, demokratak eta biolentoak dikotomiak gaur egun ez duela balio diozu. Behar bada arrazoi duzu, baina hori gutxienekoa da. Kontua unibertsalak nork bereganatzen dituen da. Hortaz, demokratak vs biolentoak, justuak vs ez justuak, askatasunaren aldekoa vs kontrakoak… dikotomietatik zein gauzatzen den berdin du, kontu, eta errepikatzen dut, zure eskari partikularrak unibertsalak sinbolizatzea lortzea da.
    Nire artikulua, hortaz, ez begiratu “egia” bilatzeko prismatik, borroka hegemonikoaren prismatik baizik.
    Ikerri ez diot erantzungo kritika bat beharrean purrustada bat dela iruditzen zaidalako.

Leave a Reply