“Urzainqui” aporia: nazionalismo juridiko hutsaren ezintasunaz

By • May 15th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Duela gutxi irakurri dudan artikulu baten haritik dator gogoeta hau (Tomás Urzainquiren La insuficiencia del nacionalismo lingüístico, Diario de Noticias,2013/04/16). Ez diot zuzenik artikulu hari erantzun nahi, baizik eta han agertzen den pentsamendu ildo zabalago bati. Gutxi asko, ildo horrek elkarren aurka jarri ohi ditu bi nazionalismo mota, estatu-nazionalismo juridikoa eta hizkuntza-nazionalismo kulturala. Batean, diote, komunitate politikoa dugu, bestean komunitate kulturala. Nire ustez, ezin da gure kasuan halako aurkaritza erabili, ez bada historiak emandakoa nafarahaztuta. Eta hemen, historia orain arteko jarioa da, eta ez teoria horietan usu agertzen den moduan, behinolako une izoztu bat. Tamalez, nafar estatua ez da Siberia aldean aurkitutako mamut bat, ezin dugu DNA-lagintxo bat erabiliz biziarazi. Uste dut nazionalismo juridikoak, denboran jauzika ibili ahal delakoan, guztiz gutxiesten dituela egungo jende-psikologia eta oro har dinamika sozialak. Baina, nik horiek eta nazionalismo juridikoaren ekarpenak uztartu nahiko nituzke, nazionalismoaz harago joan litekeen pentsamendu eta ekimen ildo berri batean. Eta hartara, benetan uste dut kontrajartze horrek ez duela balio. Kontua ez da kontrara jartzea, osagarri izan behar dutenak. Ezta, Urzainquik nahiko lukeen modura, estatu-nazionalismoa aurrean jartzea. Uztarri pekoak batera baina zein bere ildotik ibiltzea da eraginkorrena.

Ikus dezagun, bada, zertaz ari garen. Zein da hemen dugu kezkabide eta hizpidea? Ez al da herri baten beregaintasunaren aldeko borroka, ahalegina edota mugimendua? Eta herri hori zein da? Nazionalismoa, ondo dakigun bezala, lurralde hauetan modernizazioarekin batera agertu zen eta estatu-batasun eta homogeneizazioari erantzunez, hau da, industri kapitalismoari hasiera emateko sortzen ari ziren populazioak gobernatzeko era berriekin, hain zuzen. Garai berean, sozialismoa ere ageri zen. Ez da kasualitatea, biak ala biak aldaketa horiei emandako erantzunak zirelako. Eta jakina, ez ziren sortu hutsetik, ezerezetik, baina erabili zituzten lehengo sentimenduak, ideiak, ohiturak eta oro har “edukiak”, era berrietan artikulatu behar izan zituzten, garai berrietako dinamika eta molde psikosozialekin bat egiteko.

Euskal Herria ez zen sortu XIX. mendean. Orduan, hala ere, sortu zen orain garena. Eta ez ditugu gutxietsi behar azken berrehun urtean izan diren aldaketak: mundua aldatu duten gisa berean, aldatu baitute euskal herria zen hura. Horrenbestez, ezer gutxi konpartitzen dugu iraultza modernoen aurretik bizi ziren euskal jendeekin eta, haatik, haiekin omen dugun jarraipen eta erkidegoa irudikatzen dugu gure jardunetan. Baina, zertan gara erkide? Gure egungo ikuspuntutik funtsezkoak diren ondareetan: ez erlijioan, ezta odol-jatorrian, ez bizimoduan, ezta kosmologian, ez gerorako asmoetan, ezta lehenaldiaren interpretazioan… Hautatu dugu, hautatuz goaz, zer nahi dugun komun “gure” aurreko horiekin: gutasun politikoa eta kulturala. Zehatzago izan, Euskal Herriaren ideia modernoak bi erro ditu: foru-erakundeak eta euskara. Eta hala-holako arrakasta izan badu Euskal Herri honek bi horiekiko identifikazioak eta atxikimenduak bizirik zirauten guneetan izan da. Haietatik kanpo, ez da inongo estatua sortzeko mugimendurik izan. Argi eta garbi: Europako alde honetan inor mugitu bada estatu bat sortze-lanean bi erro horien eraginpean jaio zen ideologien nafar2bultzadaz izan da. Eta denok dakigu zein aldetan izan den horrela eta zein ez. Ebroz harako Errioxan, oso “nafarra” izanagatik, ez da estatu berririk aldarrikatu. Aldarrikapena jendeak eta ez lurraldeak egiten duelako eta hango jende hark ez dio nafartasunik antzematen bere buruari.

Euskara eta hizkuntza-nazionalismo delako hura ez dira izan oztopo, eragozpen edo traba proiektu hartan, guztiz kontrara: motor bizigarriak izan dira. Ez guztiz eraginkorrak? Baina zein izan da eraginkorragoa? Argudio pobrea da, nahiz eta liluragarria izan, izan zitekeena izan zenaren kontra erabiltzea. Baina argudio hori da hain zuzen Urzainquiri irakurri diodana esan artikuluan. Eta okerragoa da oraindik izan diren mugimendu politikoen ahalegina gutxiestea balizko aitortza juridiko zerutiar baten bidez:

El balance libertador de las luchas nacionalistas vascas del postrero siglo es muy escaso -estatutos de autonomía y división territorial- si se compara con el referente de la existencia del Estado europeo propio, cuyo imborrable e irrefutado testimonio está vivo hoy en Europa.”

Lehendabizikoari dagokionez, PNVk, HBk, ETAk, ELAk, LABek,  eta enparaukoek erantzun dezatela. Euskal Herriaz hitz egingo genuke mugimendu horiek izan barik? Bigarrenaz jakin nahiko nuke nik, bizitasun hori zertan den eta batez ere, nola ekarriko digun estatu subirano bat. Pentsa dezagun oraingo egoeran zein izan daiteke estatu baten sorgune eta sorgina, alegia, sortzailea?

  • Inguruko estatuek sortuko dute, mirariz ere, behinolako erresuma baten legitimitate premoderno bat erabiliz? Eta hala balitz jendeak ez luke hitzik?
  • Oraingo instituzioek sortuko dute? Zeinek jarriko ditu, ordea, instituzioak lan horretan?
  • Jendarteko mugimenduek sortuko dute? Zein tresna eta baliabide erabilita?

Nekez eratuko da bazter honetan estatu berri bat jendeak ez badu horretan sinesten eta hamaika ahalegin egiten. Hemen estatugintzaren subjektua jendea da. Nahitaez. Eta horregatik, ezinbestekoa zaio independentista orori jendea bere alde izatea, jendea erakartzea. Nik uste nuen Nabarralderen nafar3edota oso zabal esan, “(nafar) estatu-nazionalismoaren” aukera ona izan zitekeela foru-erakundeen matrizera jotzeko eta nazio-erakundeen oroitzapena berpizteko, eta bidenabar euskararekiko atxikimendua eta identifikazioa ez zituztenengan herrikidetasuna ernatzeko bide gisa. Baina ezin dut onartu diskurtso hori euskal komunitatearen eta euskalgintzaren kontra erabiltzea, batez ere, euskararen zentraltasuna bazter eginda ere, ez duenean inor gutxi erakartzen. Denbora kontua izan daiteke, eta agian hemendik urte gutxira (nafar)estatuaren aldeko mugimenduak garaipena lortuko du. Orain arte, ostera, ezin da esan (euskal)estatuaren aldeko mugimenduaren hedapen-guneetatik asko zabaldu denik. Lehengo konbentzituak dira, nonbait, oraingo konbentzitu berriak.

Baina hori dena ez da bide guztiz berria eta uste dut gainera Urzainquik nahita nahasten dituela hizkuntza-nazionalismoa eta “euskotarrismoa” bere gainetik honen itzala kendu asmoz. Bestela ezin ulertu esaten dituen honakoak: “Siguen con el nacionalismo lingüístico, ocultando inconscientemente la existencia de la sociedad política diferenciada y subordinada (…) Una solución a la minorización de nuestra lengua vasca no la hallaremos en un nacionalismo lingüístico que en la práctica no cuestiona la hegemonía política de los idiomas español y francés.”

Hizkuntzaren alde hemen egin den borrokak “gizarte politiko subordinatu eta bereizi bat” ezkutatu duela? Ez duela espainiera eta frantsesaren nagusitasuna zalantzan jartzen? Nik, erantzun bat baino ez da, Joxe Manuel Odriozolaren liburuetan inon ez bezala irakurri ditut nagusitasun horren kontrako gordinenak. Eta, bidenabar esan, etnozidioaren arrastoan baino ezin dira esan goiko horiek. Euskaraz egiten dugun orotan, erdal estatuen homogeneizazioari aurre egin eta gure izate politikoa bestela pentsatzeko bidea zabaltzen dugu. Bai eta UPNkoek ere euskaraz egiten dutenean. Hizkuntzak halako indarra du: Aragoen ez dute independentzia eskatzen, erresuma zaharra izanagatik ere, eta bai ordea, LAPAO izatera kondenatzen katalana.

Esan bezala, independentziaren aldeko mugimenduari ezin zaizkio motorrak banandu eta kontrara jarri. Nik hori ondo ezagutu dut Bilboko euskotarrismoan, funtsean foru-erakundeak defendatzera mugatu dena, horretarako euskara legitimazio-bide sinboliko gisa erabilita, eta azken finean, erakunde horiek oligarkiaren interesen mendera jartzeko. Ez nuke nahi nafar larruz jantzitako beste euskotarrismo erdaldun bat, foru-erakundearen lekuan, estatu bat jartzen badu ere: noren estatua? zertarakoa?

Benetan, ataka itxi batean sartzen gara estatua nahi dugunok izan ditugun motor horiek banatzen eta kontrara jartzen baditugu. Postnazionalismoaren programa politikoan ezin da sartu “euskararen bazterketa” edo “euskara ezaugarri kulturalera mugatzea”. Ezin da hori post bainoago, kontra-nazionalismoa delako. Eta, batez ere, orain estatugintzan inplikaturik den jendearen motibazio nagusietako bat baztertzen delako. Bidaia horretara nor apuntatuko da? Nik, beste inon, esan dut postnazionalismoak Euskal Herrian edukia eta forma arteko banaketa gainditzeko ahalegina izan behar duela, biak uztartuz eta paraleloan joaten ikasi behar dugula, zein bere bidetik: hemen horrela eta han hala…  Nazionalismoan ez bezala, soberanismoan onartu beharko genuke herri subiranoa eraiki beharreko jende-mugimendua dela eta ezin dela izan gatazka gabeko mugimendua. nafar4(Post)nazio subiranoan ere klase, interes eta identitate arteko gatazkak izango dira; kontua da nola jarri horiek “herriaren alde”.

Postnazionalismoaren ezaugarri bat post izate horren haritik, predeterminatu batean lasai zutitzea izaten da. Gure kasuan, predeterminatu hori Euskal Herria da. Definitu gabe askotan. Eta inoiz estatu bat sortzen bada predeterminatu horren gainean, erraz izan liteke harekin bat egiten ez duen lurralde batean. Soberanismoa, mugimendu edo pentsamendu politiko gisa, herriari aitortu nahi dio subjektutasuna eta beregaintasuna. Elkarrekin bizi, jardun eta erabaki nahi duen herriari, hartara herri hura mugiarazi eta ahalmenez jabetu behar du. Herria sortuz eta herriarentzako aitortza eskatuz estatu bat aldarrikatu nahi du soberanismoak. Herria (jendarteko dinamikek herri-mugimenduek sortutakoa) da predeterminatua eta aldi berean eratzailea, ez estatua. Estatua tresna bat da herri-boterea gauza dadin, ez da tresna segurua, ordea.

Leave a Reply