Beti esaten dute zerbait. (Igor Susaeta. Berria, 2013-05-10)

By • May 10th, 2013 • Category: Albistekaria

Beti esaten dute zerbait.

Igor Susaeta.(Berria, 2013-05-10)

Ondoko galdera egiten zion Lander Garrok bere buruari, joan den martxoaren 24an BERRIAn argitaratutako Um fingidor artikuluan: «Bizi al dira nire lagun idazleak mundua odolusten ari den honetan?». Pentsatzen du Garrok literaturak eta errealitateak antzekotasun gutxi dituztela, eta literaturaren akatsa dela hori. Jean Paul Sartrerentzat, adibidez, konpromiso politikorako aitzakia besterik ez zen literatura. Eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren ustez, idazleak, pertsona publiko gisa, «erantzukizun publiko eta politiko bat dauka».
Orain 25 urte pasatxo adierazi zuen hori. Idazleak eta konpromisoa. Artista eta konpromiso sozial eta politikoa. Sasoi hartan, Euskal Herrian behintzat, puri-purian zegoen eztabaida zen. Ziklikoki errepikatzen da, eta egoera sozioekonomikoak plazara atera du berriro. Hedoi Etxarteren iritziz, egiten duena egiten duela, «idazlea ari da zerbait esaten egungo egoerari buruz». Gai bat aukeratzea berez da zerbaitekin konpromisoa hartzea, Harkaitz Zubiriren ustez. «Konpromiso horrek gai ugari uki ditzake: politikoa, soziala, erlijioari edo ohitura bati loturikoa, kulturari, generoari…», nabarmendu du Eider Rodriguezek. Idazleari eskatu behar zaion gauza bakarra bere obrarekiko «zintzotasuna» da, Katixa Agirrerentzat. Izan ere, idazleek beti esaten dute zerbait. Karmele Jaiori iruditzen zaio, gainera, erantzunak eman baino gehiago, galderak sorrarazten dituela literaturak. «Eta hori jada bada gizartearekiko konpromisoa erakusteko modu bat».
Baina beste zerbait eskatzen zuen Txillardegik, 1985ean: «Señoritismoan erori gabe, euskal idazlea, kritikoki, ezker abertzalean kokatu behar dugu; hemen idazle batek bere herri zapalduarekin bat eginda lan egin behar du». Hitz horiek gaur egunera ekarrita, Agirrek ez du ulertzen «herri zapalduaren» kontzeptua: «Pertsona eta talde zapalduak daude, baina ez dira guztiak ezker abertzalekoak izango, diot nik… Langileak, langabeak, emakumezkoak, homosexualak edo etxetik bota dituztenak ere zapalduak dira, gutxi batzuk baino ez aipatzearren».
Zubirik uste du idazle batzuei askotan leporatzen zaiela «kanpora begirako exotikotasunean» idazten dutela, eta kasu batzuetan kritikei arrazoirik ez zaiela falta pentsatzen du, gainera. «Baina, aldi berean, idazleek gure gauza-ri buruz hainbeste idazten eta hitz egiten dutenean, gai horrek euskal literaturan daukan hegemonia ez dakit formula askoz-askoz hobea den. Badirudi beste gai batzuk bigarren mailakoak direla euskal literaturan». Etxarterentzat, «beste batzuekiko» konpromiso handia erakusten du Ramon Saizarbitoriak Martutene eleberrian (Erein, 2012): «klase ertain dekadentearekiko, objektu diren emakumeak laudatzen dituen burgesen falokraziarekiko, pertsona ere ez diren hildako poliziekiko…». Artelan bat ez dago ideologia bati lotuta esaten duen horretan, esaten ez duen horretan baizik,  Etxarteren irudiko. «Konpromisoari ezin diozu izkin egin, karaktereak ekoizten dituzun une beretik ari zara hautatzen».
«Aire ‘kitsch’ bat dauka»
Literatura «engaiatuaren ideia» kausa baten defentsarekin lotzen du Rodriguezek. «Edonola ere, esango nuke debaluatuta dagoen terminoa dela, badu aire kitsch bat, ezta? Lortu dute esanahia ustelez estaltzea». Pentsatzen du literatura konprometitua ezkerreko idazleek egiten duten eta eduki politikoak dituen literaturaren sinonimotzat hartzen dela. «Zentroan dagoenaren kontra egiten duen literaturaren sinonimotzat daukat. Kritikoa, ez kontenplatiboa, ez atsegina. Ez da erraza literatura konprometitua egitea…».
Errealismoa erabili izan da, esaterako, horretarako. Hori literaturan baliatzea aukera bat baino ez da, Zubiriren ustez. «Beste kontu bat da ea zergatik ez duten euskal idazleek gehiago erabiltzen errealitate hurbila haien liburuetan. Batzuek erabiltzen dute, eta oso ondo, gainera, nire gusturako, baina esango nuke, beharbada, sekulako aukera dugula eta, agian, ez garela behar beste aprobetxatzen ari. Ia liburuek bakarrik kontatzen dituzte gure gauzak; telesailik ez dago, eta pelikula gutxi».
Rodriguezentzat, baina, gurea ez da herri normala: «Ez gara normalak, geurea ez da literatura normala, zergatik egiten ditugu ba normal plantak? Eskapismo handia dago, eta inpresioa daukat normalak bagina bezala idazten ari garela. Espejismo horrek balio dezake barrenak baretzeko, baina luzera begira kalterako dela esango nuke». Bai literaturan eta baita artean ere, oro har, «kraskatzen» ari dena entzun nahi du Rodriguezek. «Eta kraskatzen den hori ez da zertan gauza handi bat izan… Batzuetan, gehienetan, esango nuke krak egin duen hori gauza sotila dela. Oso adi egon behar du idazleak entzun nahi baldin badu, eta trebezia handia beharko du entzundako hori hitzez eman eta entzunarazteko».
Agirrek pentsatzen du idazlea ez dela burbuila batean bizi. «Gainera, ez dut uste errealitate bat dagoenik. Anitz dira, eta bakoitzak berea bizi du. Nor da inor esateko ‘hauxe da benetako mundua eta hau ez’?» Egungo literatura gehiena «pijoa» dela esaten entzun zion Agirrek Suso de Torori. «Eta hori hala da idazle gehienak pijoak garelako. Beraz, gure kezkak nahiko azalekoak izan daitezke hirugarren munduko pertsonen kezkekin konparatuz gero. Baina zein da soluzioa? Gure errealitatea ahaztu ezagutzen ez dugun mundu krudel, zikin eta odoleztatu bati buruz idazten hasteko, pose hutsez?». Jaiorentzat, esaterako, idazleak ez dauka «bere garaian eta bere inguruan» gertatzen den guzti-guztia jasotzeko beharrik: «Baina bai bere esateko beharrekin bat datorren guztia, bestela bere buruari iruzur egingo lioke-eta».
«Moral burgesaren sinpatia»
Esateko behar horien barruan, adibidez, badira idazleak manifestazio edo manifestu jakin bati atxikimendua ematen diotenak. Batzuetan behar horrek berak gidatuta, eta besteetan, berriz, eskatzailearekiko konpromisoak bultzatuta. «Niri neure gauza ugari nahasten zaizkit, bai edo ez esan aurretik. Zergatik eskatzen digute geuri sinadura? Nahiago nuke behingoagatik sinadura zerrendekin bukatuko balute, hain iruditzen zaizkit zentzugabeak eta txatxuak, pobreak… Eska diezagutela iritzia, edo gure jardunarekin zerikusia duen zerbait, ez dakit, benetako ekarpen bat», adierazi du Rodriguezek. Baditu lagun idazle konprometituak atxikimendua behin ere sinatu ez dutenak, eta alderantziz, sinatuta ere «eskapismoa» praktikatzen dutenak. «Ez dago, beraz, harreman zuzenik, sinatzearen eta konpromisoaren artean». Etxarteren irudiko, «arte ekoizlea» ez badago fisikoki «subjektu askatzaileetan parte hartzen», eta «demagun», manifestazio baterako atxikimendua ematen duela, «mesedea subjektu askatzaileak egiten dio arte ekoizleari». Bestea, haren ustez, «moral burgesaren sinpatia klasikoa da».
Eta konpromiso jakin bat erakustea arazo iturri izan daiteke artistarentzat, Rodriguezen aburuz: «Bai. Beste arlo batzuetan konprometitua denari gerta dakiokeen maila berean; faktura pasaz alegia». Literaturaren kasuan, faktura horrek «forma ugari» har ditzake: «Maila publikoan, adibidez, saririk ez jasotzea ekar dezake, edo gorteko festetara gonbidatua ez izatea». Pertsonalki, berriz, Rodriguezentzat, konpromiso horrek «bakardade erabatekora» eraman dezake egilea, «eta kasurik okerrean heriotzera». Agirreren iritziz, historian zehar, eta baita gaur egun ere, ez dira gutxi «erreta edo kartzelan bukatu dutenak».
Zubirik, berriz, konpromisoa eta prestigioa lotu ditu: «Literatur sistema guztietan daude prestigioa banatzen duten agenteak. Idazleak hartzen dituen erabakiak agenteen konpromisoekin bat badatoz, errazagoa izango da prestigioa lortzea. Bestela, nekez jasoko du bere lanaren aitorpena». Edonola ere, agente horiek ez dira «homogeneoak» izaten.
Baina noiz hartzen da idazle bat konprometitutzat? Rodriguezentzat, ez da zertan «langilegoaz edo komando batez» idatzi, literatura konprometitua egiteko. Annie Ernaux, adibidez, idazle konprometitutzat dauka. «Lehen kolpean, eman lezake ezetz. Azken batean, bere senideak izan ditu literaturagai. Aldiz, literatura intimo eta autobiografiko horren erdian, zas! garai oso bat lehertzen da, klase sozial baten nahiak eta ezinak, ezkerraren eta eskuinaren arteko amildegia, emakumezkoaren eta gizonezkoaren artekoa…». Gainera, iruditzen zaio badirela garai batean obra konprometituak idatzi dituztenak, eta beste garai batean, berriz, ez. Julio Cortazar eta Joseba Sarrionandiaren kasuak aipatu ditu, esaterako. «Eta Cortazarren obran nahiago ditut konprometituak ez direnak. Ez literaturan eta ezta bizitzan ere ez nintzateke ausartuko esaten nor den konprometitua eta nor ez».
Rodriguez Ernaux, Cortazar edo Sarrionandiarekin bezalaxe, Zubiri Virginia Woolfekin gogoratu da, beste hari bati tira egiteko: «Hanka sartze handia iruditzen zait pentsatzea, esaterako, Woolfek familiari buruz idaztea primerakoa dela, eta euskal idazle batentzat bigarren mailako gaia dela. Nik ez diot ezberdintasunik ikusten, bizi Londresen edo Irunen. Bestela, kultur metropoliaren eta kolonien logika onartzen arituko ginateke». Pentsatzen du, gainera, «idazleen erantzukizunari» dagokionez beti bereizi nahi izan dela literatura konprometitua eta bestea, «eta askotan lotu izan ziola bereizketa horri literatura mota baten edo bestearen desprestigioa».
Errealismotik at posible da
Liburuetan errealitate gordin bat erakustea da konpromisoa erakusteko moduetako bat, baina ez, «inolaz ere», bakarra, Rodriguezen irudiko: «Zientzia fikzioak ere balio izan du literatura konprometitua eta kritikoa egiteko; eta baita abangoardiak ere, jakina». Eta bada deigarria egiten zaion datu bat: «Ipar Irlandako gatazka eta fikzioa lotzen dituen tesi batean zera erakusten da: gatazkari buruz ari diren 700 nobelatako lagina aintzat hartuta, statu quo-a babesten duten nobeletan (ez konprometituetan) errealismoa eta narrazio teknika konbentzionalak erabiltzen dira, baina statu quo-a aldarazi nahi duten nobelen artean, engaiatuen artean, esperimentazioa da nagusi. Zer pentsatua ematen du, ezta? Zabarki esanda, unionistei nahikoa zaie errealismoa eta kontakizun lineal bat haiena egiantzeko egiteko, eta errepublikanoei, aldiz, ez, esperimentaziora, kriptikotasunera… eta abarretara jo behar dute». Zubirirentzat, liburu adina modu daude konpromisoa erakusteko: «Gordintasunean, samurtasunean, ironian, patetismoan, autismoan… Guztietan aurki dezakegu konpromisoaren arrastoa».
Lander Garrok literaturak eta errealitateak antzekotasun gutxi dituztela idatzi zuen Um fingidor artikuluan. Agirrek uste du, baina, etorkizunean egungo egoera soziekonomikoari buruzko liburu gehiago kaleratuko direla euskaraz: «Gehienon mundua aldatzen ari delako edo laster aldatuko dela sumatzen dugulako». Etxartek ez daki hori gertatuko den edo ez: «Halere, hipotesi okerrena ez da beheko klaseez ez hitz egitea, baizik eta beheko klaseez klase ertainen gurasokeriaz eta salaketa tonuan hitz egitea». Zubirirentzat, «bestelako hamaika gai motibagarri ere» sortuko dira. Harentzat, idazleak beti idazten du posizio «soziopolitiko-kultural» batetik. «Literatura entretenimendurako bakarrik ulertzen duen idazlearen konpromisoa ere argia da, esaterako. Bere obrarekin konprometituta ez dagoen idazleak zaborra besterik ez du produzituko. Baina nik ez nuke galdetuko idazlea konprometitua dagoen edo ez, baizik eta zerekin dagoen konprometituta». Hautua egiten duen unean jarrera bat hartzen du, eta, ondorioz, gauza askorekin konprometi daiteke. Hortaz, beti esaten du zerbait egileak.

Leave a Reply